Bi hizki baino ez dira. Eta bi hizki hauek, batzuentzat, esateko zailak izango direlakoan nago. Irratian entzun berri dudanak, hitz honen inguruan gogoeta egitera lagundu nau. Gurasoek seme-alaben aurka jarritako salaketen kopuruak gora egin omen du. Zenbait egoeratan, irainak, mehatxuak eta kolpeak eguneroko ogia direla diote adituek.
Lehengo gurasoak autoritarioak ziren kasu askotan, baina argi daukat, behin edo behin jasotako zaplastekoak ez didala inolako frustraziorik sortu. Askotan nahikoa zen aitaren begirada, erantzuna zein zen jakiteko. Orain, gurasoek seme-alaben lagunak izan nahi dute, eta seme-alaba horiek dira askotan ezetza sekula jasotzen ez dutenak. Frustaziorik sentituko ez duten umeak nola egingo dio aurre gure gizarte lehiakor eta basati honi?
Elkarbizitzak bere arauak ditu. Inork ezin du nahi duena egin. Arau eta muga horien barruan bizi behar dugu denok. Ume denean nahi duen guztia egin duenak ez du mugarik izango aurrerantzean ere. Non gelditzen dira besteenganako errespetua eta begirunea?
Baloreak, betebeharrak, arauak eta mugak ez daude modan: «Handitzen direnean izango dute denbora sufritzeko eta derrigorrez gauzak egiteko». Guraso askoren teoria da hori. Eta muturrera joanez esan, «egunon» eta «mesedez» hitzak ia desagertu egin direla askoren hiztegitik.
Kalean zoazela ume bati arreta deitzen badiozu zerbait ondo ez duelako egin, agian gora-goraka hasiko da, esanez zu ez zarela inor berari ezer esateko. Edo, gurasoren bat konturatzen bada, agian, hau ere gora-goraka hasiko da umearen gurasoa ez zarelako eta bere umea nahi bezala heziko duela esanez, beraz, muturrik ez sartzeko bere kontutan. Eta ez nago ezer asmatzen, bati baino gehiagori gertatu zaiguna azaltzen besterik ez naiz ari.
Mutur batetik bestera pasa gara denbora gutxian. Gure orduko beldurra: gurasoei, maisu-maistrei, gu baino zaharragoei… ez zen ona, baina edozein umemokori zerbait esateko beldurrez bizi beharra ere ez da batere sanoa, nere ustez.
Gure herrian izaten diren jai jendetsuetan beldurrez oheratzen dira asko eta asko hurrengo egunean zer aurkituko ere: kotxeak apurtuta, bazterrak zikinez gainezka, eta abar luze bat. Baloreak, betebeharrak, arauak… non dira? Zerbaiterako balio dute?
Irakaskuntzan ere badago zeri gatza eman, baina hurrengoan izango da.