Auro Ansorregi Altzibar: 'Galderak eta galderak'
Hauteskunde kanpainaren zurrunbiloan erabat murgilduta, hitz eta pitz denak. Lehen, agindutakorik bete ez eta hor ari dira, oraingoan baiezka, hitza beteko dutela, behin eta berriz errepikatzen. Zeinek sinistu?
Ez dira solik alderdi politikoak hautestontziak astintzen ari direnak. Aspaldiko partez herri ekimen eta talde desberdinek ere izan dute aukera, herritarrak ataka honetan jartzen, erabakitzeko aukerak eskeintzen.
Askotarikoak eta ugariak, berriz, kontsultarako gaiak. Kontsulta ofizialak eta ez-ofizialak, hots, administrazioek deituak , udalak kasu, edo talde plataformek deituak.
Erabakitzeko tresna baliagarria izan daiteke herri galdeketa, baina askotan, administrazioaren komenientziaren arabera, kontuan hartuko da bertan ateratako emaitza edo ez.
Gipuzkoan batez ere, hondakinen kontuak hainbat nahaste, neke eta haserre eragin ditu herritarrongan: atez atekoaren alde/aurka. Bosgarren edukiontziaren alde/aurka.
Desanexio kontuak pil-pilean izan genituen garaia ere bizi izan genuen, eta guretik ez oso urruti: Itziarren. Bertakoen gehiengoak Debatik askatzea erabaki eta Auzo Udala da egun. Igeldok berriz ez du zorte bera izan; igeldotar gehienek Donostiako auzo ez izatea erabaki arren, Donostiako udalak ez du aske utzi nahi . Bizkaian eta Araban izan dira eta badira batzuk.
Herrien Erabakitzeko Eskubidearen aldeko taldeak ere bere bidea jorratzen ari dira, herriz-herri eta indarrez. Herritarren ahotsak ozenki azaldutakoa kontuan izango al dute administrazioek?
Goi tentsioko lineak, zezenketak, Fracking-a… herritar askoren desadostasuna eta haserrea agerian gelditu arren nola kudeatzen dute hau administrazioek? Ez oso modu zintzoan, ez. Ez da atzo goizeko kontua; Deba eta Lemoizko zentral nuklearren aurka ginenok, kobazuloetara bizitzera bueltatuko ginela ziotenak. Horiexek dira oraingoan ere ziria sartu nahi digutenak.
Alderdi politikoek herritarroi parte hartzera deitzen gaituzte lau urtean behin, baina ez dute aukera bera eskeintzen dirutza gastatu nahi duten lan faraonikoak egiteko orduan: AHT-a, Zubietako errauskailua, Esako urtegia, Pasaiako portua, Donostiako metroa… Denon patrikatik ordaindu beharreko horiek. Politikoak eta lobby-ak ditugu erabaki horiek hartzeko, askotan, guk geuk hor jarri ez ditugun horiek.