Urtez aldatu dugun arren, zenbakia berria eta «lehengo lepotik burua» batzuk.
Bada denbora, Berria-n iraikurri nuela, Euskal Herriko euskarazko egunkari bakarrari eta autofinantzaketa altuena duen komunikabideari Jaurlaritzak bost urtean 300.000 euro moztuko dizkiola, %20 gutxituko dizkiola diru laguntzak.
Aste batzuk izango dira, Bilbon, Eguna egunkariaren inguruan ekitaldi ugari antolatu direla. 80 urte, Eguna euskarazko egunkariak eta sorreraren harira, Bilboko alkate Juan Maria Aburtok ozen eta indarrez aipatzen zuen, sei hilabete iraun arren, euskaraz egindako egunkariak izan zuela lekurik orduko Bilbon.
Ez nion antzekorik entzun, Joseba Arregi orduko Kultura Kontseilariari Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran. Eta zergatik du kontrako jarrera egun agintean dagoen bere alderdiak, EAJk, Tokiko Komunikabideen inguruan? Kalaputxi dugu horren adibideetako bat.
Aurrekontu txikia dugulako? Ia lan guztia muxutruk egiten dugulako? Bertan dihardugunok gure lanordutik kanpo gabiltzalako aldizkaria sortzen? ZERO euro kobratzen dugulako?
Militantzia garaiak joan zirela diote batzuek, baina euskalgintzan dihardugunok berriz jaio beharko ginateke hori ikusteko. Lau eta danborra gara, bai. Askotan dena pikutara bidaliko genuke ikusten dugunean gutxi duenak/dugunok gutxi edo ezer ez dugula jasotzen. Ez dirutan eta ez beste ezertan. Autosufizienteak nahi izatearen zigorra hau ere.
Garbi daukat euskarazko hedabideetan diharduten asko baldintza prekariotan ari direla, bitartean, komunikabide ahaltsuak eta boteretsuak, (Vocento kasu) dirutza ederrak jasotzen diru publikotik
2001ean sortu ginenenean herriko etxe guztietara heltzea izan zen gure helburua, doan, gainera, eta asmo berberarekin jarraitzen dugu. Gure diru iturriak urriak badira ere, ezin ahaztuko ditugu udala eta aldundia, ematen diguten diru laguntzengatik. Bestalde, eskerrak ematea dagokigu, gurekin hilero-hilero edo noizean behin, bere iragarkiak jartzeko konpromisoa hartzen duten denda, taberna, enpresa, elkarte… guztiekin, horiek ere Kalaputxi kalean egotea ahalbidetzen dutenak direlako.
Gure taldeak ez du hortik jaten, baina garbi daukat euskarazko hedabideetan diharduten asko baldintza prekariotan ari direla, bitartean, komunikabide ahaltsuak eta boteretsuak, (Vocento kasu) dirutza ederrak jasotzen diru publikotik, denon dirutik.
Asko duenari asko eman eta ez duenari kendu. Hori da administrazio honen jokaera. Euskararen aldeko hitzez betetzen zaie ahoa, baina hitzak eta ekintzak ez datoz bat oraingoan ere.