Roman Okelarren heriotzaren berriak jarri nau paperaren aurrean. Jakin badakit lerro hauek astebete beranduago ikusiko dutela argia, baina barrena hustu beharrak ere, badu bere arrazoia. Gaur nire estreinaldian Romani eskaini nahi diot nire denbora eta nire gogoa.
Aspaldi ezagutu nuen Roman, garai haietan Mutrikuko AEK-n nenbilen eta euskararen unibertsoaren barruan, bertsolaritzari ere eskaini nahi genizkion gure aleak. Baina lan hori ezin bakarrik egin, geure kasa, bidelagunak behar genituen eta horietako bat Roman Okelar izan zen.
Bertso-paper lehiaketa antolatu nahi genuen eta zeintzuk hobeto Roman eta Azpillaga izatea gurekin lankidetzan. Aholkuak emateaz gain, epaimahai kide ere baziren, beste batzuren artean.
Urtean behin lehiaketa antolatzen genuen, eta behin bertso-paper guztiak epaimahaikideen eskuetara iritsi ondoren, egun batean gelditzen ginen epaia ematearen aitzakiaz, Azpillagaren elkartean, afari goxo baten inguruan.
Bertso-paperak eramatera joaten nintzenean Okelar baserrira, beti esaten zidan bera baino jende prestatuagorik eta adiatuagorik bazela baina… Bertso sorta guztiak irakurri ondoren, txukun-txukun ekartzen zituen elkartera, bakoitzaren puntuazioa eta zegokion oharrak azpimarratuta.
Aukeratutako bertsoak berriz irakurri, komentatu, kantatu… Hala joaten zitzaigun denbora, gustura. Une gozoak izaten ziren haiek, ikasterakoan baliagarriak izan zitzaizkidanak. Maisu izugarria izan da Roman niretzat, hitz tonurik igo gabe; leun, goxo, bera halakoxea zen. Modu xalo eta xume hartan adierazteko jakinduria zuen.
Beranduago, AEK-k bere jarduna utzi zuenean, Bertso Eskolak jaso zuen lekukoa. Eta epai-mahaikide izatea eskatu zidatenean ere baietza eman nien, nola ez! Beste alde horretatik ere Roman izan nuen taldekide. Hori luxua nirea!
Handia izan zara Roman. Eta bizitzan zehar oharkabean pasa nahi izan duzun arren, arrastoa utzi duzu nigan eta zurekin harremana izan dugun guztiongan. Beti izango zaitut nire gogoan eta bihotzean.
Agur eta ohore Roman.