Bi mundu paralelo
Euskal Herrian bi mundu paralelo daude, gutxienez: euskal prentsa edota euskarazko literatura irakurtzen dutenena, eta mundu horrekin, hau da, euskarazko prentsarekin edota literaturarekin inolako harremanik ez duena. Hori ez da berria. Beti izan da horrela, eta, egoera ez bada errotik aldatzen, zoritxarrez, horrela izaten jarraituko duen itxura dauka.
Oraingoz, bien arteko proportzioa euskal munduaren kontrakoa da. Desoreka handia dago bien artean. Garai batean, jende gutxik irakurtzen zuen hizkuntza batean nahiz bestean. Gaur egun, berriz, askoz gehiago irakurtzen da. Komunikabideenta agertu dena sinisten badugu, Euskal Herrian Espainia osoan baino gehiago irakurtzen omen dugu. Baina euskarazko irakurleak askoz gutxiago gara. Ikastolak ugaritu eta eskola publikoetan euskararen ikasketak ezarri zirenetik, euskararen irakurleak ere asko gehitu dira, baina ez uste zen beste.
Iparraldean frantsesarekin eta Hegoaldean gaztelaniarekin lehian, euskara galtzaile ateratzen da alde bietan, nahiz eta euskara izan bertako jatorrizko hizkuntza. Lehia horretan, euskararen aldekoak saiatu behar gara lehiakorragoak izaten, hizkuntzen arteko oreka hobetzeko. Daukagun egoerak ahalegin berezia egitera behartzen gaitu.
Euskara maite dugun euskaldunok ez badugu ahalegin hori egiten, euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraituko du. Eta hori ez da normala, ez hemen, ez inon.
Eusko Jaurlaritzak eta beste erakundeek egin ahal duten lana ez da inoiz nahikoa izango herritarrok ez badugu geure aldetik ahalegin horretan parte hartzen. Hizkuntza da herrien arima eta bihotza; hark ematen dio herri bakoitzari daukan nortasuna.
Gaur egun asko hitz egiten da kultura desberdinen alde. Baina, aldi berean, ezin dugu ahaztu Euskal Herria bi nazio handiren arteko nazio txikia izanez, euskararen egoera dela bere alde ahulena. Ekonomian eta beste arlo askotan, maila ona, oso ona daukagula esan dezakegu, baina euskarari sendotasuna falta zaio hiztunen eta irakurleen aldetik.
Egoera hau faktore askoren ondorioa da. Tartean, eta batez ere, estatu frantsesak eta espainolak ezarritako legedia. Bidegabekeri hori oztopo bat gehiago da, eta egunen baten bukatuko da. Bitartean, baina, gure esku dagoena ere ez da gutxi, eta horretan saiatu behar gara. Herritarren gehiengoaren nahiak legeek baino indar handiago duela baieztatu behar dugu.