Desobedientzia kanpaina dela eta (Ondarroa)
Eskubiderik ez, betebeharrik ez desobedientzia kanpaina dela eta herritar batek jasotako mehatxuaren aurrean kanpaina hau behin betikoz ixteko honako hau adierazi nahiko genuke:
2004ko abuztuan, Eskubiderik ez, bete beharrik ez! kanpaina abiatu genuen. Kanpaina horretan sakonduz, 2005eko urtarrilean desobedientzia zibilari ekin genion udal zerga eta tasak ordaintzeari uko eginez.
Ilegalizazio garaiak ziren, apartheid egoera genuen udalean. Hauteskunde emaitzak kontuan hartu gabe, ezker abertzalea udaletik kanpo utzi zuten. Bigarren mailako herritarrak ginen, eskubiderik gabeak, eta ondorioz udalak ez zuen gure zilegitasuna merezi.
Udaleko egoera ez normal hau salatzeko desobedientzia kanpaina abiatu genuen herriko 200 familia baino gehiagok. Hamaika oztopo izan genituen bidean: moroso etiketa jarri nahi izan ziguten, ura moztuko zigutela esanaz mehatxatu gintuzten, kontu korronteak blokeatu zizkiguten…
Ilegalizazioak iraun artean gure borrokari eutsi genion. Tarte horretan, inolako zilegitasunik ez zuen udal gestorak Bizkaiko Ur Partzuergoan sartu gintuen, oraindik ezagutzen ez dugun hitzarmen baten bitartez. Eta berriro ura mozteko mehatxua.
Desobedientzia kanpaina hasi zenetik hamar urte pasa dira. Garaiak badoaz aldatzen, 8 urtez ukatuak izan zaizkigun eskubideak inork itzuliko ez dizkigun arren, 2011a geroztik udaleko egoera «normalizatu» da, eta berriz ere udal tasak ordaintzen hasi ginen. Baina oraindik orain, ura mozteko mehatxuak ez dira eten ,azken mehatxua pasa den astean jaso zuen herritar batek.
2005ean borrokarako hautua egin genuen desobedientzia tresnatzat hartuta. Desobedientziak bere ondorioak ditu, eta ondorio horiek zeintzuk izango ziren ez jakin arren, aurrera egin genuen. Kontzienteki, hautu politiko bat eginez; borroka, maila batean zein bestean konpromisoa baita.
Desobedientzia hartu genuen tresnatzat apartheid-a saltzeko eta etorkizunean ere desobedientzia zibilaren inguruan hausnartu beharko dugu, bere eraginkortasuna bilatuz, lan tresna egokia izan baitaiteke burujabetza eta eraldaketa sozialaren aldeko estrategia indartzeko.
–Ibai Urruzuno.