Batzuk diote txakurrek denborarekin euren nagusiaren antza hartzen dutela. Agian ez da horrela izango, baina zalantzarik ez gertu egoteak imitazioa eta kopiatzea dakar. Edo ekar dezake behintzat.
Luze doan krisialdi honek mesetarekin eta meseta bezain liso berdintzeko fronte berri bat zabaldu du, gure aberastasuna sortzeko moduarengan eragina duena, gure gaitasun ekonomikoa hankaperatzen duena.
Egitura ekonomiko jakin batek gizarte egitura jakin bat dakar. Ez da gauza bera hirugarren sektorea nagusi den ekonomia finantzario bat, edo industriala.
Ez da gauza bera enpresa txiki asko dituen gizarte bat edo enpresa handi gutxi batzuekiko lotuta dagoena. Ez da gauza bera kooperatibak dituena edo kanpo kapitalaren menpekoa dena. Bakoitzak gizarte mota bat gorpuzten du: parte hartzaileagoa ala ez, berdintasun handiagoko ala ez, muskulu sozialduna ala ez. Hartara Espainiako egitura ekonomikoa kopiatzen badugu, zalantzarik ez asimilatuago gaude sozialki baita ere.
Espainiarengandik bereizten gintuen (gaituen) gauza garrantzitsuenetako bat egitura ekonomikoa bera zen (da). Horrek gizarte ezaugarri eta egituratze ezberdin eta propio bat dakar. Honela, krisiaren aitzakian hartu diren neurri askok kalte berezia gure ekonomiari egiten diote batez ere, eta Espainiaren ezaugarrietara eraman.
Adibide ugari ditugu:
- Gure ekonomiak lan baldintza hobeak, gizarte berdinagoa eta aberatsagoa ahalbidetzen zuen (du). Lan erreformak hori errotik hausten du onurarik ekarri gabe
- Sindikatuen zeregina oso garrantzitsua izan da lan baldintzak hobetzen, eta ondorioz egitura ekonomikoa bera sendotzen. Ezin da onartu Estatu mailako sindikatuen otzantasunera bultzatzen dituen praktikarik, ez enpresen ordezkarien aldetik, are gutxiago Jaurlaritzarengandik
- Gure erakundeek behar izan ez dituzten aurrekontu murrizketek zerbitzu publiko aldetik (edo zerbitzu gabeziarengatik) ere Espainiarengana urreratzen gaituzte.
Espainiaren gero eta antz handiagoa hartzen ari gara. Madriletik hartutako neurriek eragina dute, baina baita gure arduradun politiko nagusienen utzikeriak ere.
Eredu txarrak ematen/agintzen dituen nagusiaren antza hartu beharrean, nagusi horren soka apurtu eta nagusi gabe hobe gaude, biziko bagara behintzat.