Esteban Irusta Mallea: 'Abertzaletasuna'
Denok daukagu aberri bat. Beno,denok ez. Bizi naizen herrian denda baten eskaera euskeraz hitzegitean, neska kargudunak ez zidan erantzun, euskeraz ez zekiela eta. Eta galdetuz nongoa zen, bera ez zela inongoa erantzun zidan. Erantzuna triste samarra iruditu zitzaidan. Normalki, maite ditugu gure txokoak, gure herria, gure bizitzan hurbilean dauzkagunak. Pertsonak aparte,maitatzen ditugu gure herriko txokoak eta inguruko mendiak. Hor daukagu J.M.Iparragirreren abesti ezaguna: Nere etorrera. Garbi eta modu hunkigarrian agertzen du bere maitasuna Euskal Herriarentzat. Iparragirre poeta eta musiko handia zen, eta aipatutako abestiaz aparte, beste askotan ere azaltzen ditu antzeko sentimenduak. Denok ez daukagu horrelako trebetasunik geure aberriarentzat daukagun maitasuna azaltzeko. Baina bakoitzak bere erara agertzen du maitasun hori. Zaila egiten zait ulertzea, batek bere herria, bere ingurua, bere ondoan dauzkan pertsonak maitatzen ez dituenak urrunekoak maitatzea. Hori ezinezkoa da. Alderantziz, geure inguruekin hasi eta urrunekoak ere maitatzea posible bakarrik ez, gauza normalena da. Batak ez du bestea ukatzen. Euskal Herria herri txikien artean dago. Hain txikia izanik,batzuk ez dela existitzen esaten dute. Ez bada existitzen, euskaldunok ere ez. Hori ez dute sinesten beraiek ere, baina gogo hori betidanik izan dute. Gogoak gogo Euskal Herria, herri zaharrenetakoa izanik, bizienetakoa ere bada. Hainbeste urtetan bizirik iraun duen herriak, bere meritua du, kontuan izanik,bi inperioen artean eta beraien menpean izatea tokatu zaiolako. Mundu guztiko herritarrek maitatzen dute euren tokia. Maitasun horrek, bereziki, bere alde lan egitea eta bizimodua hobetzea dakar. Gizadiak, interes asko eta desberdin tarteko, beti edo ia beti aurrera pausoak eman ditu historian zehar. Interes horien artean, herri interesek toki handia betetzen dute. Nork esan du abertzalea izatea kaltegarri dela? Hori gizadiak eman digun izaera edo izatearen aurka joatea da izango litzake. Normalki nazio bateko bizilagun guztiak bere aberriaren zale dira. Baina Euskal Herrian ez da hori gertatzen.
Horren arrazoia ulertzea ez da zaila. Bizkaiko meategiek Espainiatik milaka langile erakarri zituen. Batez ere, Bilboko itsasadarraren ezkerraldean kokatu zirenak.
Baina Euskal Herriaren beste herri askotara ere heldu ziren. Horietako batzutan, etorkinak bertakoak baino askoz gehiago izatera iritsiz. Ermua, adibidez, 3.000 bizilagun izatetik, 18.000ra pasatu zen urte gutxiren buruan. Antzeko kasu gehiago badirela kontuan izanik, ulertzekoa da Euskal Herrian denak euskal abertzaleak ez izatea. Hurrengo belaunaldiekin sentimenduak aldatzen doaz. Jaiotzak eta bizitzaren lehenengo urteak asko markatzen dute edozein pertsonen izaera. Bizi garen lekuak, bertako hizkuntzak, erliebeak… denek moldatzen dute gure nortasuna. Baina badira beste faktore asko gure sentimenduen eragile direnak, eta horrela ulertzen da, Euskal Herrian jaio eta beti bertan bizi diren asko bere herriko abertzale ez izatea. Bakoitzak bere barruko historiak izaten ditu eta sentimendu desberdinak, oso pertsonalak. Abertzaleak izan edo ez izan,berton bizi garenoi eskatu behar zaigu geure kultura, geure hizkuntza batez ere, erabili eta defenditzea. Bestela, gure herria, gure Aberria, desagertzeko arriskuan izango da.