Esteban Irusta Mallea: 'Desamortizazioa'
Izenburuko hitza ez da egunero erabiltzen dugun horietako bat. Baina, bere garaian, XIX. mendean batez ere, zeresan asko emandakoa da. Garai haietan, Espainiako Gobernu Liberalek Herrien eta Elizako Erakundeen esku zeuden lurrak eta baliabideak bereganatu eta gero salgai jarri zituzten ekintzari deitzen zaio «desamortizazioa». Garrantzia handiko erabakiak izan ziren, zalantzarik gabe. Eta ez ziren egun batetik bestera hartutako erabakiak izan. Elizak eta Elizarekin lotutako erakundeak, ehunka urtetan, oinorde, herentziaren bidez, milaka eta milaka lur sailen eta beste baliabide askoren jabe egin ziren. Beste aldetik, Estatuko Gobernuak leporaino zorretan sartuta zeuden. Eta handik edo hemendik dirua behar zuten zorrei eta gerrak sortzen zien gastuei aurre egiteko. Baina arrazoi hauei beste arrazoi batzuk gehitu behar zaizkie.
Elizak botere, indar, aginte handia zuen politikan, kulturan eta ekonomi arloan. Neurri handi baten, irakaskuntza bere eskuetan zegoen, batez ere, Loiolako Inaziok sortutako Jesuiten eskuetan. Jendarte mailan eragin handia zeukaten. Gobernuak berak beste edo, behar bada, botere handiagoa. Horregatik, ez da harritzekoa, historian Jesuitak hainbeste herrialdetatik atzerriratu izanak, eta ondoren Estatuko Gobernuek beraien ondasunen jabe egitea.
Espainiak 1767an erbesteratu zituen, eta hor izan zen lehenengo desamortizazioa. Geroago etorriko dira Godoy-ena, eta Jose Bonaparte Napoleonen anaiak egin zuena, 1808an Espainiako agintari jarri zenean. Denek helburu bera zuten: dirua lortzea.
Sasoi haietan, XIX.mende hasieran, Amerikako lurraldeak Espainiatik banandu ziren, independentzia lortu zuten, eta ondoren, diru iturri asko desagertu egin ziren. Eta egoera hobetu beharrean, beste guda berriek hustu zuten Estatuko diru kutxa, eta zorrak gehitu.
Lehenengo Karlista Gerra (1833-1839) bizi-bizia zegoen, eta gastuak ordaintzeko, orduko ogasun ministro Mendizabalek martxan jarri zuen bere ezizenez ezagutzen den desamortizazioa. Cadizen, Chiclana de la Fronteran jaioa zen (1790-1853), eta bere benetako izen-abizenak hauek ziren: Juan Alvarez Mendez. Zergatik aldatu zuen bigarren abizena ez dakigu, baina bere burua bilbotartzat agertzen zuela esaten da. Gehienbat, Elizaren ondasunak desamortizatu zituen, baina salmentak ez ziren ondo egin eta ez zuten lortu Estatuaren zorrak ordaintzea.
Herritarren egoera ekonomikoa txartu egin zen. Lurjabe berriek baldintza askoz ere okerragoak jarri zizkieten, eta bere betiko lurrak utzi behar izan zituzten.
Gero etorri zen beste desamortizazio handi bat: Pascual Madoz (1805-1870) naparrak egin zuena. Hau, gehienbat, udalerriko ondasunekin sartu zen.
Sasoi haietan, herritarrak herri-basoak erabiltzen zituzten beren abereak, ganaduak bertara bidaliz, eta bertako beste ondasunak bereganatuz. Baina, lehen herriarenak ziren lurrak, orain jabe berriak zituzten. Erosle berriek, lurjabe handiek, lur sail handien jabe egin ziren. Ondorioz, herritarren egoera ekonomikoa txartu egin zen. Lurjabe berriek baldintza askoz ere okerragoak jarri zizkieten, eta bere betiko lurrak utzi behar izan zituzten. Askok Amerikako bidea hartu zuten, eta beste asko hirietara joan ziren, nolabaiteko lanak egitera. Udalerri askok bere autonomia galdu zuten. Ordurarte, Estatuaren laguntzarik gabe bizi ziren. Beste aldetik, Andaluzian, batez ere latifundismoa (lur sail handiak aberats gutxiren eskuetan) ugaritu egin zen, eta landugabeko lurrak gehitu. Nafarroan pagadi eta harizti ederrak ezagutzen ditugu gaur egun ere. Zorionez, «desamortizazio» txikiago izan zen Nafarroan, eta herri batzuetan herritarren gastu orokor batzuk udalaren esku egoten jarraitzen dute.
Euskal Herriko beste lurralde askotan, denetan ez esatearren, zuhaiztiak gutxitu egin ziren. Jabe aberats berri askok erositako basoko zuhaitzekin ikatza eginez ordaindu zuten baso sail handiak, eta ondorioz, oihan asko desagertu ziren. Desagertu zirenen ondasunen artean, monastegi, komentu eta frailetxeetako balio handiko altxorrak ere sartzen dira.
Ezagutu ditugun itunak, akordioak, Estatuaren eta Elizaren artekoak, badute zerikusia, neurri handi baten, izan diren «desamortizazioekin».