Esteban Irusta Mallea: 'Gatazka politikoa'
Gizakia, gizaki denetik, beti, bere eguneroko bizitzan gatazkak ezagutu ditu. Gatazkak bere zerizanaren, bere izatearen bizilagun direla esan dezakegu.
Era guztietako eta lagun guztien arteko gatazkak daude. Ez bakarrik nazioen artekoak, milaka eta milioika hildakoak sortzen dituztenak, baizik eta lagun, senide, familia, auzune, herri edo nolabaiteko jendartekoak.
Edozein gizataldeen artean sortzen dira mota guztietako gatazkak. Gehienetan, arinak izaten dira, baina larriak ere ugariak izaten dira. Baina, ze kasualitatea, Euskal Herria eta Espainiaren artean ez omen dago arazorik. Izatekotan, euskaldunen aldetik sortzen omen dira. Gizarte gaixoa, heldutasunik gabekoa omen gara. Hau da behin eta berriz irakurtzen ari garen leloa. «Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik», dio esaldiak. Espainiak ezikusia egiten du, baina ikusi ondo baino hobeto ikusten du gatazka badagoela, eta ez dela gaurkoa; betikoa eta sekulakoa, gainera. Ehunka urte dituen gatazka dela. Bestela nola uler daiteke agintari espainolak erabiltzen duten errepresioa gaur, eta historikoki erabili dutena?
Historian zenbat eta gehiago sakondu, gero eta garbiago ikusten da Euskal Herria eta Espainiaren artean etengabeko eta klase guztietako gatazkak izan direla. Eta gaur egun ere hor dabil, besteak beste, Carlos Urkijo Espainiaren delegatua behin eta berriz salaketak jartzen Euskal Herriko instituzio, erakunde guztien kontra.
Azkenengo bi urte hauetan, mila salaketa inguru jarri omen ditu. Epaileak bere alde ditu, eta Euskadiri ia beti galtzaile izatea tokatzen zaio. Nola ez, alde bateko eta besteko baliabideak kontuan hartuta. «Vencereis pero no convencereis» esan zien Miguel Unamunok 1936ko urriaren 12an Salamankako Unibertsitateko areto nagusian egin zen ekintza patriotikoan, bertako Erretore zela. Esaldi honekin batera azaldu zituen ideiak bertan zeuden guda sortzaileen kontra, bere ondorioak izan zituen. Frankok Unibertsitateko Errektore Kargutik kendu zuen eta udaleko zinegotzi postua ere galdu zuen. Eta hori gutxi balitz, preso egin zuten bere etxean. Egun istilutsu, iskanbilatsu hori izan eta handik bi hilebetera, abenduaren 31an, bat-batean, ezustean, hil zen bilbotar jakintsu handia, bakardadean, etsita.
Unamunok indar basatia erabiltzea leporatzen die eta giza eskubideak ez onartzea. Ekitaldi horretan parte hartu zuten artean José Millán Astray Generalaren «¡Muera la inteligencia!», «¡Viva la muerte!» oihuak, alde batetik, eta «Kataluña y el País Vasco son dos canceres que el cirujano de hierro sabra extirparlos, y lo hara cortando en carne viva, sin escrupulos ni falsos sentimentalismos», bestetik, ekarri zuen Unamunoren haserrea. Unamunoren esaldia: «Vencereis pero no convencereis» gaur egun ere, indarrean dago. Espainiak ez du lortzen, 80 urte geroago, euskaldunak pozik sentitzea bere menpean.
Gizartearen kultur maila gorantz dijoan heinean, euskal kontzientzia ere gorantz doala ikusten dugu. Euskal Herriari dagozkion eskubideak Espainiak eta Frantziak onartu arte gatazkak hor jarraituko du
Beste aldetik, Espainiaren «minbizia» izaten jarraitzen dugu Kataluniak eta Euskal Herriak. Ez dute lortu eritasun larri hau sendatzea. Probatu dituzten bide guztiak porrot egin dute. Izan diren guda, gerra guztiak, lege bereziak, atxiloketak, atzerriratzeak, epaiketak, aldizkarien itxierak, eta abar guztiak ez dute lortu euskaldunen sentimenduak aldatzea. Alderantziz, gizartearen kultur maila gorantz dijoan heinean, euskal kontzientzia ere gorantz doala ikusten dugu. Euskal Herriari dagozkion eskubideak Espainiak eta Frantziak onartu arte gatazkak hor jarraituko du.Behin eta berriz, era askotara, euskaldunak adierazten dugu ez gaudela geure izateari, geure hizkuntzari, kulturari, bizi moduari uko egiteko. Ez gaudela konforme daukagun autonomiarekin. Irtenbidea, konponbidea samurra, erraza beharko luke izan XXI. mendeko jende zibilizatuen artean. Baina herri txikien izaera, kultura, hizkuntza, hau da, txikitasuna, orokorki, ez da errespetatzen.
Munduko agintari, gidari nagusiek, indarra, handitasuna erabiltzen dute herri txikien kalterako. Frantzia eta Espainia horien artean daude, eta estatu handiek duten indar hori erabiltzen dute, garai desberdin eta modu desberdinez bereganatu zituzten lurraldeak menpean izateko. Eta egoera honi ez bazaio irtenbide egoki bat ematen, hor jarraituko du, denon kalterako.