Esteban Irusta Mallea: 'Gertuko historia batzuk'
Historia hitza erabiltzen dugunean, normalki, iraganeko gertaerak bakarrik ez, aspaldi gertatuak, gu jaio aurrekoak izaten ditugu buruan. Baina oraingoan ez da horrela izango. Gutako askoren sasoikoak, oraintsu, gure garaian gertatuak, gure bizitzaren parte garrantzitsu izan diren batzuk aipatuko ditut. Gutako askorentzat, historia baino, oraina direnak, baina gaztetxoagoak direnentzako historia direnak. Dena den, historia hauek jarraipena dutenez, ez dira inorentzat iraganeko historia soilik, oraina ere bait dira, zoritxarrez. Historia burutu gabea, bukatu gabea dela esan dezakegu. Eta akabatzeko usmorik ere ez duena, sinfonia burutu gabea izateko paper guztiak dituela dirudiena.
Bizitzan errepikapenak ia gai guztietan izaten dira, baina Euskal Herria eta Espainiako Gobernuen artekoak oso nabarmenak eta harrigarriak dira. Urteak joan eta urteak etorri, ideia eta gertaera berdinak edo antzekoak entzuten eta ikusten ari gara. Baina 36ko gerra ostean gertatutako historia asko isiltzen saiatzen dira, eta hor jarraitzen dute ezkutuan. Ezagutzen dugun ia historia bakarra irabazleek idatzitakoa da. Beste aldekoei ahal duten oztopo guztiak jartzen zaizkie artxiboetan dauden dokumentuak aztertzeko. Gai guztien artean, historia izango da gehien faltsifikatzen dena.
Dena den, beti zerbait jakitera heltzen gara, nahiz eta beste gertaera asko ezkutuan geldituko diren betirako. Hauen artean, 36ko gerran galtzaileek jasan zituzten mendekuak daude. Askok herritik kanpora joan behar izan zuten, ez zietelako bertan lanik ematen. Emakume batzuk irain publikoak jasan zituzten gainerako herritarren aurrean. Horrelako eta antzeko gertaerak amaigabeak dira. Hemen, adibide garrantzitsu bezela, Ramon de la Sotaren kasua aipatuko dut. Askorentzat oso ezaguna da enpresaburu ospetsua izan zelako, besteak beste, Sota-Aznar ontziola, Europako handienetarikoa sortu zuelako. Tartean Euskalduna ontziola Bilbon, Seguros La Polar, Saguntoko Labe Garaiak eta beste enpresa asko, aberastasun handia lortuz. Ingalaterrako erregeak, Lehen Mundu Gerran, gobernuari bere itsazontzien bidez emandako laguntzagatik, Sir izendatu zuen.
Euskal Herriaren aldeko politikan murgildu zen hasieratik Sabino Aranak bultzaturiko mugimunduarekin bat eginez. Sabinorekin batera El Correo Vasco egunkaria zuzendu eta finantzatu zuen Espainiako gobernuak, dekreto bidez itxi arte, «a intereses sagrados de la integridad de la Patria»-ren kontra zegoelako. Sota EAJren diputatu izan zen Madrilen, eta politiko abertzale ezaguna zenez, faxisten zerrendan zegoen. Tartean hil egin zen, baina hil izanak ez zuen zigorraz libratu, eta auzipetu egin zuten izan zen traizioa egin izana egotzita; 100 milioi pezetako isuna ezarri zioten. Francoren gobernu berriak Sota familiaren ondasun guztiak bahitu zituen: berrogei itsasontzi, enpresak… eta Ibaigane, bere azken etxebizitza. Jauregi eder hau, hurrengo berrogei urtetan, Espainiako armadaren Gobernu Militarraren egoitza izan zen Bizkaian. Denbora luze horretan, jauregia hondatu egin zen, eta barnean zeuden balioko objektu guztiak saldu zituzten.
Espainiako gobernuen portaera errepresiboa ez da mugatzen Francoren garaira, askok horrela pentsatzen badute ere. Lehenagotik, aurretik eta ondoren, beti, antzeko portaera politikoa izan du
Frankistek ezarritako isuna familiak ordaidu ondoren, 1979 urtean Espainiako gobernuak itzuli zion Sota familiari Ibaigane, eta osorik berritu ondoren, Bilboko Athletic Club futbol taldearen egoitza bertan kokatu zuten itun baten bidez.
Ramon Sotaren kasua berezia da, baina beste maila baten bada ere, antzeko gertaerak han eta hemen errepikatu ziren. Eta garai hartako prentsa itxierak, atxiloketak, manifestaldi, agerraldi politikoen debekuak, isunak, behin eta berriz, gaurko egunetara arte sufritzen ari dira euskaldun asko. Espainiako gobernuen portaera errepresiboa ez da mugatzen Francoren garaira, askok horrela pentsatzen badute ere. Lehenagotik, aurretik eta ondoren, beti, antzeko portaera politikoa izan du. Une batzuetan gogorragoa izan baldin bada ere, euskaldun abertzale garenok menpekotasun hori ez dugu ondo eramaten. Adin gutxiko herria izango bagzina bezela tratatzen bai gaituzte. Eta Herri honek betidanik azaldu du helduen eta aurreratuen artean aurkitzen dela.