Esteban Irusta Mallea: 'Irakasleekin hitz egiten'
Irakasle askorekin hitz egin dut euren lanari buruz, erretiratu arte lanbide horretan nik ere urte asko pasa ditudalako.Horregatik nire interesa beste lankideekin gai honetaz hitz egiteko.
Ni hasi nintzenetik urte batzuk igaro dira eta bizitza asko aldatu da. Garai haietan bizitza geldoagoa zen. Gehienok geure herrian edo inguruko beste antzeko herri baten bizi ginen. Ideiak ere ia herentziaz jasotzen genituen, lana bezala. Sarri, lantegi baten hasi eta bertan jarraitzen zuten langileek, erretiratu arte. Ikastetxeetan ere gaur egun baino lasaitasun gehiago zegoen. Ez zeuden hainbeste eskakizun, hainbeste exijentzia. Ikasgaiak ez ziren hainbeste aldatzen, bizimodua bera bezala.
Irakaslearen agintea, sinesgarritasuna ere ez zen sekula zalantzan jartzen; bere hitza ez zen eztabaidatzen. Haurren gurasoak beti agertzen ziren irakasleen alde. Hobeto esanda, askotan ez ziren enteratu ere egiten ikastetxean euren seme-alabek izan zezaketen arazoetaz ikastetxean. Ikasleek, beste aldetik, bazekiten etxean irakasleen aura zerbait kontatzen bazuten ez zutela irabazteko askorik izango; inoiz irakaslearen zigorrari beste bat gehitzen zitzaion gurasoen aldetik. Garai haietako guraso gehienek ez zuten unibertsitate batean ikasteko aukerarik izan, baina denbora gehiago pasatzen zuten seme-alabekin. Eta orduko familiak, familia ugariak izanik, gaur egungo ikasgela baten itxura gehiago zuten haurren kopuruari begiratuz, eta beharbada irakasleen lana hobeto ulertuko zuten. Haurren bakarkako izaera eta portaera bat da, eta taldekakoa beste bat. Hau ez da gertatzen denekin, baina bai askorekin. Eta sarri, portaera desberdin hau ez dute ezagutzen guraso batzuk. Horrela sortzen dira desadostasun batzuk beraien eta irakasleen artean.
Irakasleen artean laneko bajak ugariak omen dira, gogoaren beherakadak jota. Porrotaren sentipena handia izaten da
Zorionez, guraso gehien eta ikasle gehienekin ez dago arazorik, gutxienen arteko kontua izaten da. Ikasgela bakoitzean nahiko dira bi edo hiru ume bihurri gela guztiko giroa hondatzeko. Sasoi baten arazo hauek gurasoekin adostutako zigor batekin konpontzen ziren. Baina gaur egun, zigor metodo horiek ezin dira ezarri. Eta zigor-bide berririk asmatu ez denez, irakasleek nahiko buruhaustekin dabiltza. Bitartean gelako martxa moteldu, atzeratu egiten da, eta jarritako helburuak lortu barik gelditzen dira. Egoera horiek irakasle asko adoregabetzen, gogogabetzen dituzte. Beraien artean laneko bajak ugariak omen dira, gogoaren beherakadak jota. Porrotaren sentipena handia izaten da, eta helburuak ia inoiz lortzen ez direnez, sentipen horiek kronikoak bihurtzen dira.
Baten bat harrituko da esaten dudanean helburuak ia inoiz ez direla betetzen. Baina helburua baldin bada ikasle guztiek ikasketak gainditzea eta hori ez bada ia inoiz lortzen, ez du harritzeko arrazoirik izango. Eta egoera hori behin eta berriz errepikatzen denez, irakasleak ez dira behin ere konformatuko egindako lanekin.
Beti gelditzen zaio helburua lortu ez duenaren pena. Eta sentipen horri gehitzen bazaio gurasoen ulertezintasuna, arazoa larritu egiten da. Teorian denok omen gara gai egiten duguna baino askoz gehiago egiteko. Gure ahalmenaren %8 edo %10 bakarrik erabiltzen dugula esaten dute adituek. Baina teoriatik praktikara alde handia, oso handia dago. Eta alde hori gutxitzean dago erronka.
Gure gazte denboretan, adibidez, kaligrafiari garrantzi handia ematen zitzaion. Geroago, baibna, kaligrafia alde batera utzi zen ikastetxe askotan
Musikagile ezagun bati galdetu zioten ea nola lortzen zituen lan hain ederrak egitea. Eta erantzuna hauxe zan: «Lana eta lana eginez». Bizitzak misterio gutxi dauzka. Zerbait lortu nahi dugunean lana da, besteak beste, ezinbesteko osagaia. Beste bideak lagungarri izango dira, baina lanik gabe ez da ezer garrantzitsurik lortzen.
Lana ezinbesteko oinarritzat hartuz, beste irakasbideak, irakasteko metodoak ezin dira baztertu. Baina zein bide erabili, eztabaidagarri izaten da, sarri. Gure gazte denboretan, adibidez, kaligrafiari garrantzi handia ematen zitzaion. Arkatza, boligrafoa nola hartu beatzekin, eta letrak lehenengo eta hitzak gero nola idatzi behar ziren irakasten ziguten. Ortografiari oraindik garrantzi handiagoa ematen zitzaion. Ez ziren onartzen gaizki idatzitako hitzak, eta hutsegite batzuk gaia ez aprobatzeko arrazoi izaten ziren.
Geroago kaligrafia alde batera utzi zen ikastetxe askotan; tartean ni nengoenean. Horren ondorioak sufritzea tokatu zitzaion gaztelaniazko literatura ematen zuen irakasleari. Inoiz, 100 bat azterketako lanak zuzentzea tokatzen zitzaion. Eta bere lanak izaten zituen idatzitakoa ulertzen.Gutxik zuten letra ona eta garbia. Ortografiako hutsuneak zuzentzea ia alferrikakoa zen. Udako ikastaro baten, Madriletik (Espainia) etorritako irakasle batekin ortografiako hutsuneei buruz berbetan, Espainia guztiko ikasleen arazoa zela esan zigun. Ez zeukala euskararekin zerikusirik…