Euskara eta atzerapena
Euskarara itzultzeak birusa arakatzeko sortu duten aplikazioaren atzerapena ekarriko du». Halako titular bat ekarri zuen El Correo egunkariak irailaren 17an. Albistearen gorputzean argitzen zen euskararen itzulpenak eta hainbat arazo teknikok ekarri dutela atzerapena, baina albisteek beti dakarte begirada bat atzetik eta nork bere begietatik begiratzen du. Melillara, Kataluniara eta Gaztela-Mantxara ere atzerapenarekin iritsiko da, han ere euskarara itzultzen ari dira antza.
Norbaitek pentsatuko du garrantzitsuagoa dela lehenbailehen birusari atzetik jarraika hastea, gaztelaniaz bada ere. Ziurrenik App hori ingelesez edo txineraz egongo zen prest lehenago, baina ez lukete hala gizarteratuko. Gutxirako balioko liguke birusa arakatzeak ulertzeko gai ez bagara. Dena den, ulermen soilari begiratuta ingelesez ateratako arakatzaileak balioko lioke espainiar estatuko gizartearen zati dezente handi bati, hala moduz eta ulertzeko beste moldatzen den jende andana dago. Baina aurrerapenak gaztelaniaz egiten dira eta euskarak atzeratu egiten ditu.
Dena den, eta, egiari zor, El Correo-ren ustez euskarak berak baino itzulpenak atzeratu du App arakatzailea martxan jartzea. Beti da astuna itzultzea, horretan ados egongo dira etxe honetako kazetarien gisan, euskaraz lanean aritzen diren hainbat hedabidetako kazetari. Euskal kazetaritza itzulpengintza baita bere horretan. Beti atzetik, itzulpenetan kateatuta, El Correo-k albistea argitaratuta eta zu oraindik gaztelaniatik euskarara edozein politikariren adierazpenak nola ekarri borrokan. Politikari onak behar ditugulako eta ez hainbeste euskaldunak, mediku onak behar ditugulako eta ez hainbeste euskaldunak, kazetari onak behar ditugula eta ez hainbeste euskaldunak, eta, noski, App arakatzailea azkar behar dugulako, gaztelania hutsean bada ere. Baina hizkuntza ulermen hutsa baino askoz gehiago da; hizkuntza izan daiteke etxea, gertutasuna, zaintza, bizimodu bat, mundua interpretatzeko kode bat. Elebidunak edo eleanitzak gara gu, eta eder-ederra da hori, baina hizkuntza denak ez dira berdin gure baitan: niretzat ez da berdin gertuko baten heriotzaz gaztelaniaz edo euskaraz jakitea, ez da berdin mezu bat euskaraz edo gaztelaniaz idaztea, ez da berdin euskaraz edo gaztelaniaz erditzea, ez da berdin euskaraz edo gaztelaniaz ikastea, ez da berdin albisteak euskaraz edo gaztelaniaz irakurri edo ikustea, ez da berdin. Eta gainera eskubide bat da.
«Lehenengo gurea» dio EiTB 1eko iragarkiak, baina Iñigo Urkullu Lehendakariak legealdi berriko lehen elkarrizketa EiTB 2n eman du. Beti irabazten du indartsuenak, hori da oihaneko legea. Ahalegin handia egiten ari gara gaztelaniaz egin, ikasi, ikusi eta irakurri ditzakegun gauza guzti horiek euskaraz ere egin ahal izateko, eta aurrerapen handiak egin ditugu, baina El Correo-k, Euskal Autonomi Erkidegoko egunkari salduenak, titular bakarrean lotu ditu euskara eta atzerapena. Bejondeiela!