Euskararen oasia
Pentsa dezagun une batez basamortuan gaudela. Sekulako ibilbidea egin dugu eguzki astunaren azpian. Gauetan, ostera, hotz zorrotzak gorputz guztia labankadak bezala zeharkatu gaitu. Ura bilatzen gabiltza han eta hemen, baina huts. Tarteka hareazko ekaitzek azalean peeling sakona egiten digu. Ibili, jausi eta altxatu; ibili, jausi eta altxatu… Indarrak nondik datozen jakin barik, helmugarik gabeko noranzkoan goaz. Badakigu gure bizia jokoan dagoela; hala ere, aurrera egin behar dugu, bizirauteko aukerarik nahi badugu.
Drama ez da hor bukatzen. Aldaketa klimatikoak erronka berriak dakarzkigu. Basamortua zabaltzen dabil mundura, eta gero eta gehiago gara idortasunaren preso. Alabaina, presondegiak ez dituzte pertsonak hartzen, hizkuntzak baizik; zehazki, gutxituak. Basamortua ez da guk DBHko liburuetan irudikatuta ikasi duguna: gure gizartea da.
Ur-eskasiak euskararen erabilera ulertzen laguntzen digu (urria). Harea-ekaitzak eta erorketak euskarak bere bidean aurkitzen dituen oztopo politiko, ekonomiko… guztiak dira. Hori gutxi balitz bezala, tenperaturaren kontua dago. Hauek (beroak eta hotzak) beste hizkuntza/gizarte batzuetako presioa irudikatzen dute; hala nola, frantsesa eta española. Ah! Ahaztu baino lehen: aldaketa klimatikoaren ondoriozko basamortuaren zabalkundea hizkuntza gutxituen egoera da, politikari edo botere faktikoen inakzioak indartuta.
Erraza da goikoei egoztea hizkuntzaren egoerarena. Eguneroko erabiltzaileok, ordea, badugu basamortua emendatzearen errua ere. Ikusi dituzue euskararen kale-erabileraren azken urteetako tendentziak? Mingarriak, benetan. Beherakorrak badira ere, azken neurketan gure eskualdeak (Lea-Artibai eta Busturialdea) euskararen oasiak dira; batez ere, Lea-Artibai (hiztunak: %76). Busturialdeak laugarren postua du, hiru gipuzkoar eskualderen ostekoa (hiztunak: %36). Tristea da neurtutako 22 eskualderen artean bik baino ez gainditzea %50.
Horiek horrela, gaurko egunak zentzua hartzen du. Inoiz baino gehiago, eta inoiz baino sendoago aldarrikatu behar dugu gure hizkuntza, nortasuna, bizimodua, kultura, zerbitzuak… Laburtuz, gure HERRIA. Irten gaitezen behingoz basamortutik eta bihur dezagun gurea euskararen etxea. Ea lortzen dugun hizkuntza gutxituek oasien beharrizanik ez izatea! Euskarak gurean eta besteak haienetan sustraitzeko galarazpenik ez egoteko sasoia dugu!
Beno… edo ez: euskararen kontrako ebazpen judizialak, kriminalizazioa, ultraeskuina, Guggenheim Urdaibai…
Besterik gabe, Gora Euskara Askatuta!