Gotzon Iparragirre Burgoa: 'Honi deritzozue parte hartzea?'
Joan den martxoaren 2an Ondarroako Udalak batzar batetara deitu gintuen udal batzordeetan parte hartzen dugun talde eta elkarteok. Batzarraren helburua Udalbatzak onartutako diru laguntzen araudiaren aldaketaren berri ematea zen, batzorde horietan parte hartzen duten taldeei inolako iritzirik eskatu gabe egindako aldaketa, izan ere. Beraz, batzar horren helburua informatiboa zen, hartu beharreko erabakiak hartuta baitzeuden, Ondarroako Udalbatzan gehiengo absolutua daukan EH Bilduren ekimenari esker.
Erabaki honek, ohituraz ezker abertzaleak defendatu duen dinamika parte hartzailea hausten du, eta erabaki hau are larriagoa da indarrean zegoen araudia talde hauen guztien ekarpenak jaso, eztabaidatu eta adostasunaren ondorioa baitzen. Oraingo honetan, EH Bilduk udal teknikarien iritzia lehenetsi du, herriko taldeen ekarpenak gutxietsiz eta baztertuz. Aldaketen mamiari erreparatzen badiogu, aldrebeskeri ugari aipatu daitezke, besteak beste, zeharkako gastuen eta ezinbesteko laguntzaileen ordainketen desagerpena.
Horrez gain, ekintza bakoitza puntuatzeko irizpideak araudian ez txertatzeak sor zitzakeen arazoez ohartarazi zen, eta udal ordezkarien erantzuna izan zen puntuazio irizpideak batzorde bakoitzak moldatuko zituela. Egun batzuk beranduago, azken puntu honen inguruan nik neuk alegazioa aurkeztu nuen udal erregistroan.
Bi hilabete baino gehiago pasatu direnean, araudiaren puntuazio irizpideen moldaketa ez da eraman batzordeetara (ez, behintzat, kultura batzordera), aurkeztu nuen alegazioak ez du erantzunik jaso, eta batzarraren akta eskatuta, batzar horren aktarik ez zela jaso erantzun dit alkateak (!). Honek adierazten digu zer nolako garrantzia ematen dioten udal ordezkariek eta teknikariek elkarteen ekarpenei: hutsaren hurrengoa.
Diru laguntzen arloan bizi den anabasaz jabetzeko nahikoa da zera esatea: herriko elkarte batzuek 2015ean onartutako hainbat diru laguntza oraindik kobratu gabe dauzkatela (milaka euro), 2016an ez zela diru laguntzen deialdirik egin, eta, ondorioz, iaz egindako ekintzen diru laguntzarik ez dela usaindu ere egiten, eta 2017koa ez dela oraindik egin, baina, hala ere, kultur administrariaren mezu bat jaso dugula, programatuta dauzkagun ekintzak udal agendan txertatzeko. Adar jotzen ez badabiltza, arlo honetan, behintzat, Ondarroako Udala iparra zeharo galduta dabilela esango nuke.
–Gotzon Iparragirre Burgoa. Ondarroako APRE elkartearen lehendakaria.