Grebarantz
Euskal Herriko mugimendu feminista inoizko mobilizaziorik handiena prestatzen ari da: azaroaren 30ean greba feminista orokorra egingo dute, zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde. Zaintza lanen krisi egoera salatu, eta eraldaketa sakon baten beharra dagoela ere aldarrikatu dute.
Guztiok daukagu zainduak izatearen beharra, beraz, guztiok hartu beharko genituzke zaintza ardurak, baina hori praktikatik urrun dago. Zaintza lanak ez daude ez antolatuta, ezta banatuta ere. Alderantziz, emakumeen bizkar gainean daude. Etxeko langileak kapitalismoaren azken katebegia dira: klase sozialak, kolonialismoak eta genero desberdintasunak zeharkatuta bizi dira.
Nazioarteko Lan Erakundearen arabera etxeetan lan egiten duten emakumeen %30ak ez dauka kontraturik. Hau da, ez dauka langabezia prestazioa eskatzeko aukerarik, ezta babes juridiko edo sindikalik. Eta kontratuen %90 Ā«gezurrezkoakĀ» direla salatzen du erakundeak; kontratu horiek ez baitituzte islatzen emakume horien benetako lan baldintzak. Emakume askok etxe barneko zaintzale gisa lan egiten dute, eta horrek esan nahi du zazpi egunez eta 24 orduz egon behar direla lantokian. Horrelako lanpostuetan diharduten emakume gehienak etorkinak dira, paperik gabeak, eta ez dutenez beste aukerarik, horrelako lan prekarioak onartzen dituzte.
Zaintza lanak ez daude ez antolatuta, ezta banatuta ere. Alderantziz, emakumeen bizkar gainean daude
Azken finean, zaintza lanak, historikoki emakumeen gain jarri dituzte, eta familia nuklearra ezinbesteko baldintza izan da horretarako. Horri guzti horri zaintza lanen desbalorizazioa gehitzen badiogu eta kapitalismoaren prekarizazioa, etxeko langileen sektorea gizarteko sektorerik zapalduena dela ondorioztatu genezake.
Horrez guztiaz gain, instituzioek, enpresa pribatuen esku jarri dute zaintza sistema. Merkantilizatu egin dute zaintza. Horren ondorioz, sektore feminizatuen baldintzak are eta onartezinagoak bihurtu dituzte. Biak dira emakumeen pobreziaren konplize.
Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde, grebara deituta gaude guztiok azaroaren 30ean. Guztiok nahi dugulako zainduak izan, eta guztion esku dagoelako lan horiek balioan jartzea eta langile guztien duintasuna aldarrikatzea.