Gutuna: Del Valle familiaren izenean
Joaquin del Valle de Lersundi Mendizabalen seme-alabok hurrengo gertaerak eta gogoetak jasota geldi daitezen nahi dugu (2/1984 Lege Organikoa, martxoaren 26koa, zuzenketa eskubidea):
Uztailaren 15ean Kurik aldizkariaren bigarren zenbakia aurkeztu zen. Aurkibidean BT izeneko atal berria iragartzen dute eta bertan Joaquin del Valle de Lersundi (Pilar del Valle de Lersundi) irakur daiteke. 14. orrialdean, atal horren aurkezpenean txarri baten ipurdiaren laurdenak ikus daitezke, eta bertan BT hizkiak idatzita daude; hitzaurrean argitzen dute hizki horiek Beraneante Txarriak esan nahi dutela. Jarraian gure aita kategoria horretan sartzen dute beste pertsona batzuekin batera, konnotazio baztertzailea adieraziz eta artikuluaren testuingurua kontuan hartzen badugu, baita ere deskalifikatzailea. Atala iraingarria dela deritzogu.
Gure aita, Deban jaioa, lekeitiar batekin ezkondu zen. Bere seme-alaba guztiak Lekeition jaio ziren. Erretiratu eta gero, hogei urte baino gehiagoz hiribilduaren auzotarra izan zen; bertan familiaren hilobian bere gorpuzkiak daude. Hortaz, aita udatiartzat hartzea ez da zilegi, eta are gutxiago txarritzat hartzea.
Testuak Lekeitioko maitale gisa aurkezten badu ere, atalak zein aurkezpenak gure aita sartzen dute sailkapen bitxi horren barruan.
Larria iruditzen zaigu argitaratzaileek alabetako bati egindako eskaera artikulu bat idatzi zezan aitak Lekeitioko historiari egindako ekarpena goraipatzeko eta bere figura omentzeko, gerora aitaren izena atal belzgarri batean sartzeko erabili baitzuten.
Udalaren menpeko argitalpen batek elkarbizitza bultzatu beharko luke, eta ez lituzke modu iraingarri batean nabarmendu beharko zendutako pertsonak, beren burua nekez defendatuko dutenak.
–Jokin, Gentz eta Pilar del Valle de Lersundi. Lekeitio.