Mendebaldeko hizkuntz komunitate txiki minorizatuetariko bat omen gara. Eta azpiratzearen marka omen da gurean euskara, pribilegio ezaren marka; eta hala da izan, beste batzuen artean. Eta beharrezkoa suertatzen da balizko normalizazio egoera definitutik bazterrean uzten diren gatazka eta zapalkuntza zeharlerrokatzeak. Pribilegiatu eta pribilegio gabekoen arteko talkak konplexuak. Azpiratzeen logikak perbertsoak.
Izan ere, euskaradunak gara, bagara gizon, baina emakume ere bagara, gazteak gara –ala ez–, sexu aniztasunaren isla gara sistematikoki heterotzat jotzen gaituen estrukturan, langile, etorri berriak izan ala ez, mendebaldar gara edo indigena, dibertsitate funtzional gorpuztu anitz gara –zorionez–. Egiteko eta izateko ahalmenaren aldeko identitate borroka hauek elkarloturik daude. Erabaki dezagun, beraz, eraikitzen ari garen etorkizuneko herri justuago horretarako bidean zein beste min eta borrokaz lotzea den nahitaezko – eta nondik–.
Eta ariketa horretan beharrezkoa boterea problematizatzea: Nork eta nola eraikitzen du errealitatea? Logikoa irudi bada arrazismoaren zapalkuntza zer den –eta zer ez den– definitzearen ariketan ahotsa arrazismoa bizi duten horiengan egotea, edo enpresariaren zapalkuntza definitzea langileriak berak, logika bera beharko luke gure herriko hizkuntz azpiratzeaz aritzean ahotsa euskaradunok izatea. Pribilegio ezaren sektoreak beharko luke izan zapalkuntzaren errelatoaren subjektu eraikitzailea izateko ahalmenduna, zapalkuntzaren mina adierazteko ahalmenduna.
Euskaradun mundua bere burua eraikitzeke dago oraindik, bere burua definitzeke ere bai. Eta hizkuntzak, bere horretan, izaera performatiboa ere badu, eraiki egiten duelako (Butler). Hitz egitearen ariketan bertan, adierazteak ekintza suposatzen du. Eraikitzen dugu, beraz, errealitatea hizkuntzaren bitartez. Euskararen arloko aldaketa nahi bada, beharrezko izan beharko luke izaera honen kontzientzia geureganatu, eta nahi genukeen balizko etorkizuneko mundua euskaratik eta euskaraz eraikitzeko hautua hartzea. Beharrezkoa izango da, beraz, auzia/k bazterretatik erdigunera ekartzea eta eztabaida zabaltzea. Eta eraikiko dugu, hitzak ez ezik esperientzia eraikitzaileak partekatzen eta mailegatzen (mundukideei); eta geure eginez, inolako beldurrik gabe, honek suposa dezakeen ariketa osasungarrian.
Euskaraz eraikitzen dugun errealitatea behar genuke, beraz, atzoko irakurketa, gaurko bizipena eta biharko herriaren eraikuntzaren funtsa, besteak beste. Eta Lorea Agirreren hitzak geureganatuz, nahi zaitut herriaren eraikuntzan bidelagun, nahi zaitut komunitate txiki minorizatu honetako kide, nahi zaitut euskaradun…, horregatik hitz egiten dizut euskaraz.