Itorioak beti besteei buruz hitz eginez eraikitzen omen ditugu. Eta istorioen erdigunean badira beste hori osatzen dituzten pertsonaiak, pentsamendu, imaginario, jakintza, eta esperientziak gainezka, subjektibotasunez jositako bizitzak dira. Baina bizitza bera ahitzen zaigu maiz ustekabean, pentsa baino arinago eta indartsu batzuetan, baina beti gogor.
Osasunaren, gaixotasunaren eta bizitzaren nozioen muga logikoak alderantzikatu eta birkokatzea ekartzen dituzten, barne katarsi andana eragiten dituzten, bizitza errelato horietako bat; Eva, zurea kasu. Miresteko pertsonaiez betea.
Bizitzaren eta heriotzaren arteko dantza ia ikusezinean baina mingarrian aritu izan zara azken urtean. Norbere koordenadetatik ulertzeko zailegi suertatzen den errealitatean. Gaixotasunak berekin ekarritako kalteen atzean, eritasun lazgarria izanda ere, bizitza duin bat eraikitzeko borrokan beti bezain eder, argiztatzen duen irribarre horietako bat aurpegian. Txikitasun sinplea, itsaso handi bilakatuz.
Eta tamalez, gisa honetako prozesuetan, Kafkak deskribatu antzeko kontsulten eta frogen arteko labirintoan murgildua igarotzeko urgentzia nagusitzen da egunerokotasunean. Zure gaztetasunaren eta bizi gogoaz talkatu izan den instituzio burokratiko askotan hotz eta urrutiratua.
Uler al dezakegu –gizarte gisa eta instituzio publiko bezala– ikuspegi biologiko funtzional soiletik harago osasungintzako pasilloetan mugitzen diren gorputzek badituztela kontzientzia propioak, ametsak, ikuspegi propioak, esperientziak, edo/eta beldurrak? Ez direla gorputz hutsalak finean. Espazio horietan, bizitzan mundu arrazionaletik ihes egiten duten bestelako dimentsioak nagusitzen dira; eta, beraz, oinarrizkoek beharko lukete izan bizitzaren konplexutasuna barne hartuko luketen zerbitzu integralak.
Eta horren lekuko izateaz gain, funtsezko mundutiko esperientzien trukatzaile eredugarri bilakatu izan zara, zeu ere –zure ingurukoekin batera– nahi gabe. Tratamenduak egunerokotasunaren nahitaezko bilakatzen diren une zailenetan ingurura ordena hori iraultzeko praktikak hedatzeko gaitasuna ikaragarria da. Hauskortasunaren eta zaintzaren nozioak bizitzaren erdigunera erakartzearen nahitaezinezkotasunak salto egiten du eszenatokira, egunerokotasuneko plazer txikien birbalorazioaz. Bizitza ederraren iruditegia hankaz gora jarriz. Istant oro osotasunean barneratzeak berekin dakarren zoriontasunari dagokion espazio pribilegiatua eskainiz.
Baina maiz, bizitza bera ere, heldu bezala, erdi nahigabean bizitzen dugu, gaixotasun gorpuztuek bere bidean gogorarazten badigute ere bizi dugun bizitza ez dela betierekoa, eta bihar edo etzi geurea ere amaituko dela. Horra oparitutako funtsezko irakaspena: oso zaila egiten da bizitzari zentzua atxikitzea betierekoa denaren ilusio faltsua nagusitzen denean.
Mina ez da erraz baretuko. Pribilegio bat izan da zure irakaspen oro. Bihar ere argituko du egunak, eta kontatuko dizugu zeinen handi etorri den, zeinen bizi.
I la mort no sabrà què fer amb tanta vida, Gràcies Eva. Gero arte.