Lea-Artibaiko EH Bildu: 'Lurretik Lurrera'
Abenduaren 1ean, Lea Artibaiko udalerri gehienetan materia organiko guztia biltzeko aukera emango duen sistema berria aurkeztu zen. Eredu hau urte luzetako lanaren emaitza da eta alderdi guztien arteko adostasunaren bitartez lortu da.
Sistema berriak materia organiko guztia, hau da, landare eta animali jatorriko hondakinak, edukiontzi bidez biltzeko aukera emango du lehen aldiz Bizkaian. Horrela, edukiontzi marroira botatzen ditugun hondakin organikoak Bizkaiko konpostegira eramango dira. Bertan, gure hondakin organikoak kudeatuz konposta lortuko da, eskualdera bueltatuko delarik lorategi publikoetan ongarri gisa erabiltzeko, paisajismorako, eremu kaltetuak berreskuratzeko, eta abar. Lurretik hartutakoa lurrera itzuliz.
Banatzen ez diren hondakinak, berriz, Zabalgarbira doaz erretzera. Gure zaborrak erretzearen ondorioz, erraustegiak negutegi efektuko gasak isurtzen ditu atmosferara, Euskal Autonomi Erkidegoko 5.isurtzaile handiena delarik. Horrez gain, urtero, zabortegira eraman behar diren 45.000 tona errauts sortzen ditu.
Horregatik, uste dugu, proiektu hau pauso garrantzitsu bat dela eta ez dela Lea Artibaira mugatu behar, Bizkaia guztira zabaldu behar dela. Europatik datozen zuzentarauek organiko guztiaren bilketa exijitzen dute eta gainontzeko herrialdeek urteak daramatzate organiko osoa kudeatzen, kalitatezko konposta lortuz, Bizkaian oraindik proiektu pilotuetan ibiltzeko.
Hala ere kontutan izan behar da, proiektu hau ez dela helmuga. Birziklapen tasa duinak lortzeko baliabideak ematen dizkigu, baina beharrezkoa da herritarrok konpromiso erantzutea, proiektuan izena eman eta etxean sortzen ditugun hondakinak behar bezala bereiziz.
Dena den, gaur egun auzokonpost edo autokonpostaren bitartez materia organikoa kudeatzen ari diren herritarrak, orain arte bezala jarraitzera animatzen ditugu. Horrela, hondakina zirkuitutik kanpo mantentzen baititugu. Hau da, hondakinak sortzen diren lekuan kudeatzen dira eta ez dira bildu eta garraiatu behar, lurraldeko beste puntan kudeatzeko, honen ondorioz sortutako kutsadura saihestuz. Horrela, sortzen dugunaren erantzule egiten gara. Orain arte egin duzuen lana eredugarri da guztiontzat. Zorionak!
Lan handia dago egiteko oraindik. Beraz, ekin diezaiogun indarrez eta bizipozez!
–Ainhoa Lopez, Zunbeltz Bedialauneta eta Arkaitz Goikoetxea. Lea-Artibaiko EH Bilduren izenean.