Bakoitzak edukitzen du komunikabideren baten oso kuttuna duen saioren bat. Nire kuttunenetakoa Euskadi Irratian udaro egoten den
Bihotzeko fonoteka saioa da. Egunero gonbidatu bat joaten da irratira, baina aurretiaz etxeko lanak eginda eraman behar izaten ditu. Bere bizitzan garrantzitsuak izan diren hamar kanta aukeratzen ditu, eta abesti horiek aitzakiatzat hartuta osatzen da ordubeteko elkarrizketa. Askok kronologikoki egiten dute, adibidez, txikitako kantekin hasi eta gaur egunera artekoen bidez euren bizitza kontatzen dute.
Formula zoragarria iruditzen zait elkarrizketa mota honena. Normalean elkarrizketak beti izaten dira kazetariaren galderen araberakoak: kazetariak zerbait galdetzen du, eta horri erantzuten dio elkarrizketatuak. Kazetariaren begitik kontatzen da elkarrizketatuaren bizitza, kazetariak nahi dituenekin osatzen da bidea.
Bihotzeko fonotekan alderantziz da. Elkarrizketatuak erabakitzen du zer kontatu nahi duen bere bizitzatik. Eta agian horregatik da hain berezia, elkarrizketatuek eurek azpimarratuko luketena kontatzen delako: sozialki interesgarriak diren kontuak, eta bizitza pribatuan edo intimoan ere azpimarratu nahi lituzketenak.
Eta harrigarria da saioa entzunez lortzen den enpatia. Lotura gutxien dugun jendearekin ere, kanturen batean bat egiten dugu, eta konexio bat sentitzen duzu momentu batez bada ere aktore batekin, musikari batekin edo kirolari batekin. Hertzainaken kantu berarekin egin duzue dantza, Lurdes Iriondorekin lokartu edo Ken Zazpirekin maitemindu.
Horrela, gainera, programak musikaren indarra ere agerian uzten du. Sarritan “besterik barik” ipintzen dira kantuak irratian, aitzakia handirik gabe.
Bihotzeko fonotekan, ostera, zergatia azaldu ostean entzuten dira, eta askoz zentzu eta indar gehiago hartzen du minutu bakoitzak.
Bihotz askotara heldu gara fonotekekin, eta fonoteka asko heldu zaizkigu bihotzera. Zorionak lantaldeari! Segi fonotekak uhinen bidez zabaltzen!