Amaitu da Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017. Baigorriko lehenengo kanporaketa hura oso urrunean ikusten dudan arren, di-da batean pasatu zait 2017ko udazkena. Itzelezko gozatua hartu dugu bertso onenetetan onenak entzunez, ikuspuntu desberdinekin harritzen, doinu berriak entzuten eta molde berriak ezagutzen.
Bertsozalea ez denak ere badaki zerbait txapelketari buruz. Ia seguru nago, irakurtzen ari zaren horrek, badakizkizula 2017ko txapelketari buruzko hiru datu, gutxienez. Ez bertsozaleenek ere badakite Maialen Lujanbiok jantzi zuela txapela, BECen 15.000 lagun elkartu zirela, edo
pron pon pon gora ta gora beti Carles Puigdemont. Eta zaletasuna zenbat eta handiagoa izan, kontu eta xehetasun gehiago.
Finaleko emozioak oraindik barruan dauzkagu. Baina bertsoa ez da bakarrik BEC. Izan ere, lau urtean behin txapelketa egon dadin, Euskal Herriko txokoetan astero eta ia egunero egoten diren bertso saioak egotea derrigorrezkoa da.
Horietako bat da Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean urtero egiten den Akerbeltz Txapelketa edo urtarrileko saioa. Aurtengoa hamargarren Txapelketa izango da. Urte horietan guztietan, jende asko aritu da saio horretan kantari, antolakuntzan, gai-jartzen, epaitzen, afaria egiten, edo saioa entzuten. Saio berezia izaten da, ariketa ez-ohikoak, antzerkia, eta giro paregabea.
Horrelako saioek bertsolaritzari kolorea ematen diete. Bertsolariek esperimentatzeko, eta bertsotan askeago sentitzeko guneak dira. Entzuleek ere ez diete hainbeste erreparatzen epai irizipide eta arauei. Horregatik, oholtza gainean daudenek euren burua askeago darabiltelako, eta behean daudenek ere arauak ahazten dituztelako, gozatzea bihurtzen da helburu bakar. Eta horrek egiten ditu horrelako saioak hain berezi, eta on.
Txapelketa beharrezkoa da bertsolaritzak daukan indarra eduki dezan. Baina txapelketak beharrezko ditu horrelako saioak. Herrietan sortu, mimatu, eta ondo pasatuz bertsozaleak sortu eta mantentzekoak.
BECeko olatuaren ostean, zer hoberik bestelako eredu batean murgildu eta saio eder batez gozatzea baino? Bertsozaleek zein ez hain bertsozaleek gozatzeko plaza bikaina daukate urtarrilaren 20an, Akerbeltzen. Maialen Lujanbiok esan zuen, bertso eskolak gailurrera bidean «oinarrizko kanpamenduak» direla. Eta horrelako saioak ere, tontorrera heltzeko behar ditugun kanpamenduak dira. Abiatu gaitezen.