Bihar [ekainak 9] jokatuko da Saran (Lapurdi) Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, 18 urtetik beherakoen bertsolari txapelketa nazionala. Aurten, gainera, urteurrena tokatzen da: hogeita hamargarrena izango da.
Eskolarteko finala urtero egiten da, urte bakoitzean leku batean. Baina finalera heldu orduko ibilbide luzea izaten du aurretik: herrialde bakoitzean izena ematen duten 18 urtetik beherako guztien artean kanporaketak egiten dira, eta gero, lurraldeko finala jokatzen da. Bizkaian, adibidez, lau kanporaketa jokatu dira aurten eta finala maiatzaren 6an jokatu zen Balmasedan. Zortzi izan ziren finalistak eta lehenengo eta bigarren geratu ziren biak sailkatu ziren Euskal Herriko finalera, bihar jokatuko den Sarako finalera. Horrela, Arabatik bi sailkatu dira, Gipuzkoatik beste bi, Nafarroatik beste bi, eta Ipar Euskal Herrian final bakarra jokatzen den arren, Lapurditik bi sailkatu dira, Nafarroa Beheretik beste bi eta Zuberoatik beste partaide bat.
Txapelketa txapelketa da, eta egia da horren atzean dagoena lehia dela. Baina ez nuke nahi (gaurkoan behintzat) fokua hor jarri. Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa honek daukan balore indartsu bati eman nahi nioke pisua. Hain zuzen ere, txapelketa honetan herrialde guztiek daukatela ordezkaritza
Txapelketa txapelketa da eta egia da horren atzean dagoena lehia dela. Baina ez nuke nahi (gaurkoan behintzat) fokua hor jarri. Txapelketa honek daukan balore indartsu bati eman nahi nioke pisua. Hain zuzen ere, aipatu dugunari: herrialde guztiek daukatela ordezkaritza. Pentsatu eta pentsatu ibili arren, ez dut topatu horrelako beste ekimenik, Euskal Herriko zazpi lurraldeek «derrigorrezko» ordezkaritza daukaten ekintzarik. Egongo dira, ez daukat zalantzarik, baina badira ere, ez dira asko izango. Eta hori, gaur egungo gure antolaketa ereduan, ez da aipatu barik uztekoa. Uste baitut sekulako garrantzia daukala horrelako ekimenak egiteak. Gainera, gazteei zuzendurikoa izanda, are gehiago. Hortik sortzen dira harremanak, elkar ezagutzen dute, eta euren erreferentzia Euskal Herria bihurtzen da, zazpi lurraldeko Euskal Herria. Durangoko batek Izpuran egingo du laguna edo Aramaioko batek Leitzan. Udalekuak eta bestelakoak badaude, baina Txapelketa honetan herrialde bakoitzak bere aulkia dauka, eta zazpi lurraldeen ordezkaritza bermatuta dago, hasieratik.
Biharkoa ere mugak gainditzen eta herria eraikitzen jarraitzeko beste pauso bat izango da. Txapela batek jantziko du baina zazpi bihotzeko mapa eramango dute guztiek etxera.