Mikel Iruskieta: 'Bermeo eta Gernikako ikastolek 50 urte'
Ez da ahaztu behar Eskola izan dela euskaldunak erdalduntzeko eta curriculum arrotza ezartzeko fabrikarik handiena azken bi mendeetan, eta ez da mehatxu bakarra izan. Uste dut ezer esan baino lehenago hori gogoan izan behar dugula.
Hori esanda, ikastolak sortzeko ahaleginak ez zuten denboran asko iraun (karlistengandik hasi eta Francoren diktaduraraino egon diren saiakerak) gaur egun ezagutzen ditugun ikastolak sortu eta garatu arte.
1944. urtean Elbira Zipitriak eta zenbait gurasok lehenengo ikastolatzat hartzen dena sortu zuten, gerra aurreko ikastolekin lotura eginez. 20 urteren ondoren, Lekeitioko R.M. Azkue sortu zen eta 2 urte gehiago behar izan zuten Bermeon eta Gernikan era berean sortu ziren Eleizalde Ikastola eta Seber Altube Ikastola irakasten hasteko. Beraz, datorren urtean ikastola horiek 50 urte beteko dituzte. Erronkak askotarikoak eta ezberdinak dira hiru ikastola hauetan, nik azpimarratu nahi ditudanak dira euskararen (kalitatezko) erabilera eta Euskal Curriculuma. Horiei biak arriskuan ikusten baditut ere, 50. urteurrena aprobetxatu nahiko nuke Ikastolak egindako lana zoriontzeko, administrazioak ez baititu nahikoa zoriontzen, nire ustez behintzat. Ezta Ikastolek egin duten irakaslana eta zerbitzua ordaintzen ere. Utzidazue irakas kalitatea hobetuz Ikastolek lortu dituzten emaitza nabarmenak aipatzen: Euskal Curriculuma idazten lagundu, muga administratiboen gainetik Euskal Herriko lurralde guztietan dagoen irakas-elkartea sortu (orain europar mailako kooperatiba elkartea da) eta irakas-materialak sortu euskara batuan eta euskalkietan (ikasleek ezagutzen duten herriko curriculuma ere txertatuz zenbaitetan), besteak beste.
D ereduan ikasten duten ikasle guztiak euskaldun aktibo bihurtzeko ahulezia erakutsi diguten garai honetan, onartu behar da azken urteotan (10 edo 20 urte, tokiak toki) D ereduko euskal eskoletan ere zenbait irakaslek lan handia egiten dutela euskararen kontrako jarrera dagoen eremuetan. Bai, bai, horiek ere badaude, gaur egun.
Legez inposatu nahi duten curriculum berriarekin, kili-kolo dagoena gaur egun eta inork aplikatu nahi ez duenarekin, ere arrisku berriak ezagutuko ditugu: gure seme-alabak irakasle ez diren ebaluatzaile arrotzek guk eginak ez diren curriculumak eta ereduak inposatu nahiko dizkigute, Eskolan nahiz Ikastolan.
Hortaz, arrisku guztiei aurre egiteko, Ikastolek 50. urtean zaharberritu, indarberritu eta sortu zireneko printzipioak eutsiz lan egiten jarraitzea opa diet. Noiz arte? Geure hezkuntzaren jabe eta geure buruaren jabe izan arte.