Mikel Iruskieta: 'Bilbao-Baiona-Bakea'
Kalean giro epela egon arren, barrunbe politikoan hotza sentitzen nuen, edo fresko esan beharko nuke agian. Hori zer dela eta sentitzen nuen ulertu nahian ere banabil, ez pentsa! Beharbada txarto ohituta gaude eta egoera politiko azkarraren zirrara gehiegi eta gehiegitan izan dugu autonomismoaren eta «rupturismoa-ren» (negoziatua?) arteko borrokan hasitakook. Bizi-borroka horrekin eta gure gurasoen gerra osteko eta aiton-amonen gerrako kontakizunekin hazi gara.
Eta esango nuke Eguberri aurretik EH Bilduko kargu politikoek egindako baraualdia, Eguberri ondoren ehunka gazte presoen alde kateatzeko ekintza, Sarek eta Bake Bidean taldeek antolatutako Bilbo-Baionako manifestazioa, eta, aste honetako zenbait gertakarik gatazkaren ondorioen konponketarako aurrerapausuak nondik egin daitezkeen erakusten dutela, aldebakarreko rupturismo-tik, hobeto esanda, burujabetasunetik.
Horranzko bidean, aldebakartasunez emandako urratsen ondorioz, zenbait pertsonen jarrera asko aldatu da. Esaterako, euskal preso independentisten eta beraien senitartekoen egoera konpontzearen kontra egon edota beste alde batera begiratu duten pertsona ezagunak ikusi ditugu Bilboko manifestazioan. Argi eta garbi mintzatu dira: «hemen ez dago gizalegerik, ez giza eskubiderik! Eta guk hori aldatzeko lan egingo dugu!». Ez dut, bestalde, aipatu gabe utzi nahi, Bilbon Iruñeako alkatearen ondoan ibili ginela, CUPeko bozeramailea ikusi genuela pankartari eusten (oraindik Generalitateko presidentea erabakitzeke zegoela) eta amaigabea zirudien senitartekoen zutabeak txalokatu genituela. Azken horiek aipatu eta horiei gorazarre egin nahi diet, hasiera-hasieratik, eta enbatak izan direnean ere euskal presoak zaindu dituzten horiei guztiei, guzti-guztiei.
Baionatik, ordea, politikan kargua dutenen aldetik mezu indartsuagoa heldu zitzaigun Bilbora. Ipar Euskal Herriko politikari esanguratsuenak (Baionako alkatea barne) ikusi genituen eta ozen adierazi zuten «bakearen militanteak» zirela eta ahal zuten guztia egingo zutela zuzenbidearen indarra bakearen zerbitzuan jartzeko, Frantziako gobernua zuzenean salatuz.
Batzuk ari dira esaten zuzenbidearen indarra bakearen zerbitzura jarri behar dela eta beste batzuk, ordea… Zer nahi duzue esatea? Ba, ez dut aipatu gabe utzi nahi guztiz lotsarazten nautenak, harritzen ez banaute ere sakabanaketa diseinatu zuten politikari autonomisten ondorengoek (presoek beraiek eskatu zutela dioten lotsagabeko horiek). Horiek diote, gezur artean noski, inork zer egingo duen begira daudela, beraiek zerbait egin dezaten. Orain ere horrekin! Euskal lelo berria asmatuko dute: «ez dut bakearen alde ezer egingo, besteak zerbait egin dezakeen arte». Horrek harritzen ez banau ere, oraindik salatzeko gogoa ere ez zait galdu. Badute zer ikasia Bilboko, Gasteizko eta Donostiako alkateek Iruñeako eta Baionako alkateengandik giza eskubideei eta bakeari dagokionez, bai horixe! Euskal presoak familiartera, etxera!