Mikel Iruskieta: 'Fidel joan bai, baina ez du ezer eraman'
Badirudi azken hiru zutabeetan Amerikara begira ibili naizela. Kolonbiara bakeari begira, AEBetara espektakuluaren jendarteari begira eta orain Kubara begira, edo hobeto esanda, Fidel Castrori begira.
Gurean, amumak erakutsi zidan Fidelen izena, orduan mundua urrun zegoen, eta harriduraz esaten zidan luze biziko zen pertsona izango zela. Ez dakit zehazki zergatik esaten zidan hori, baina baliteke Fidelek AEBetako aberats bati ironiaz emandako erantzunarekin zerikusia izatea, batek daki. Aberatsa: Zer ete da zuk egin duzun gauzarik «onena»? (mespretxuz). Fidel: Bizirik irautea (ironiaz).
Erantzun horrekin Fidelek kritikatzeko helburu hutsa zuen galdetzaileari hiltzaile deitu zion. Bermeon sasoi batean lar galdetzen zuena hartzen zen «dotorezia» berarekin. Bueno, horregatik izango ez balitz ere, orain zentzu hori neuk ematen diot.
Bestalde, gure amak ere Fideli abesten zion garai horretan eta kanta horietako batean Fidelen bizarrak nahikoak omen ziren yankiak kanporatzeko edozein lekutatik. Hori ere interpretatu liteke, nola? Ba, pentsa daiteke Fidelen jarrerarekin edo orduan bizardun iraultzaileek egin zuten aukerarekin, herriek elkarrekin borrokatuz gero, euren buruaren jabe izatea lortuko zutela. Ez, hala!
Eta abestiekin bukatzeko, gurean gerora nik jartzen nuen «se acabo la diversion» ekarri nahi dut berbara. Gustura entzuten egoten ginen amuma, anaia eta hirurok, oso gustura. Eta kantu eta negar artean, belaunaldi gogor baina xamur hori, elkartasunez beterikoa, beharrizana eta gosea ezagutu zutenena badoa apurka-apurka. Ene bada! zer da, ba, oraingo belaunaldikook erakutsiko dieguna hurrengoei?
Bukatzeko, batzuei entzun diet Fideli egin dakioken omenaldirik onena herrien batasuna dela. Hitz horiek gutxietsi gabe, nago ni Fideli buruzko abestiren bat euskara ekartzea eta noizean behin abestea ere omenaldi polita zatekeela.