Mikel Iruskieta: 'Gerra berriz, gezurra eta beldurra'
Gogoan dut Irakeko gerra izan baino lehen egin ziren nazioarteko manifestazioetan Amsterdamera joan ginela lagun talde bat Utrechtetik. Orduan tesina egitera joan nintzen Herberetara. Han egin nuen lagunartea herrialde ezberdinetakoa eta jarrera politiko ezberdinetakoak ginen. Euskaldunok soka berekoak ginen eta ez genuen zalantzarik izan joateko hasiera-hasieratik, esan dezadan ohituak geundela bestelako manifestazioetara joaten. Gogoan dut nire Alemaniako lagunaren zalantzak, baina azkenean gurekin etorri zen, orduko selfiea horren froga.
Milioika herritarrek erakutsi genuen bakea nahi genuela, baina ez zuen balio izan Irakeko gerra gelditzeko (eta Europa ondoko beste herrialde batzuetan eragiten dituzten isileko gerrak eta sarraskiak gelditzeko).
Geroago etorri zen Madrileko sarraskia. Eta zenbat Iraken, Palestinan, Afrikan…?
Europako ekialdera ere eraman zuten gerra, Ukraniara. Zenbat sarraski han eta hemen?
Libia, Palestina, Siria, Mali…
Orain, Parisen sarraskia. Besterik ez da han eta hemen.
12 urte baino gehiago igaro dira ordutik eta egoera txarragoan gaudela esango nuke. Agintariek erakutsi dute 12 urtez ez direla gai izan egoera konpontzeko, baldin eta halakorik inoiz nahi izan badute.
-Eta gure agintariek zer egiten dute?
-Kontzentrazio isilak!
-Kontzentrazio isilak?
-Baina isiltasuna norainokoa da?
-Beno, armak saltzen jarraituko dute! Siriako errefuxiatu gutxi batzuei etortzen utziko diete eta gainerako guztiei egurra eta egurra.
-Bai, eta notizietan segurtasunaren aldeko mezuak, polizia gehiago izateko oposaketa berriak EAEn, kasualki.
-Bai, bai, entzun dut hori, baina ez, ordea, herrialde behartsuetan dauden zibilak lagunduko dituztela (interes ekonomikoak alde batera utzita).
Gerrara garamatzate, bai. Baina gero eta gutxiago sinesten diegu, gezurretan ari direlako eta beldurra baino ez digutelako eskaintzen. Hori da: gezurra eta beldurra! Bi horiek gabe askeagoak ginateke, elkartasunetik hurbilago eta konponbiderantz urratsak egiten. Edozein aukera aprobetxatu beharko genuke, ahal den eran eta estiloan esateko «gure izenean ez».