Mugan
Azkenaldian ez dakit ikus-entzunezko modako plataformek errealitatea sortu edo birsortu egiten ote duten. Badirudi egunez egunkari eta telebistetan ikusitako miseria eta tragedia berberek hartzen dituztela gauean sofa atzetik begiratzen ditugun pantailak. Abortuaren debekua Ameriketan, eta protestak Donostian; eraso matxistak nonahi; gasolina urrearen prezioan; NATO Madrilen; gorpuak mugan, hildakoak mugan, erailketak mugan, beste aldera begiratzeak mugan, kamioiak mugan, harresiak mugan, itota Irungo mugan, mugan, mugan, mugan.
Zientzia Fikziozko katastrofe bat aurreratzen duen pelikula txar bat dirudi bizitzak, eta gu bizitzari pantailaren bestaldetik begira ari garen ikusle hutsak. Ikustearen eta bizitzearen mugan, mugan, mugan. Tripak estututa ikusi dut Itziar Ituñok gorpuztutako Malenen pertsonaia, fikziotik baino benetakotik gehiago duelako. Erreza delako han kontatzen direnak duela ez hainbeste albistegi eta egunkarietan ateratako berriekin alderatzea. Ba ote dagoen mugarik geuretik bestera, mugarik publikotik pribatura, mugarik intimitatera.
Mundua erakutsi egiten digute, erakusleiho bat bailitzan. Tragediarik handienak xehetasun guztiz jartzen dizkigute begi-bistan, bestearen intimitatearen aurretik jartzen ditugu geure morboa, irrika. Asaari Bibang antzezle eta aktibistari Twitterren irakurri diogu Marokoko mugan hil dituztenen argazkiak ez liratekeela publiko egingo zuriak izan balira, familienganako errespetuz. Zein desberdin balio duten batzuen eta besteen bizitzak, nola gizagabetu daitekeen, nola erautsi diezaiokegun gizatasuna geure sentitzen ez dugun horri.
Ez dakit noiz utzi nion filmetan Marokoko harresiko sarraskiaren tankerako irudiak azaltzean begiak ixteari, eta noiz hasi nintzen tragediatik ihesi zetozen lagunen gorpu hilen pilaketak azaltzen dituzten egiazko irudiak begiak kliskatu gabe ikusten. Harrigarria da nola asaldatzen den mundua Disneyko bi nesken arteko muxuarekin, eta nola begiratu diezaiokegun hain errealitate jasangaitzari mendebaldetik kulparik gabe, tripak okaka bota gabe, begiak ixteko beharrik gabe, harresiak sutan jartzeko inpultsorik gabe. Baina zientzia fikziozko pelikulekin gisan, sofatik hari gara mundua ikusten, eta gutxi egin daiteke pantailaren eta sofaren arteko mugan.