San Juan-Santa Katalina paseoaren irekiera, atzerapenagaz
Santa Katalinara paseatzen noan bakoitzean, hunkitu egiten nau zelako paseo ederra sortzen dagoen San Juanetik bertara.
Baina hainbat galdera datozkit burura… Nola hasi zen ideia? Zelan garatu zen? Eta erantzunaren bila abiatu naiz.
EH Bildu udal gobernura ailegatu zenean, 2011ko ekainean, hasierako proiektua aurkitu zuen eta galdetzen hasi zenean erantzun zioten EAJk Madrilen adostutako proiektua zela.
Udaleko ordezkariak Bilbon Kosta Zuzendaritzak duen ordezkaritzarekin harremanetan jarri ziren baina berehala adierazi zieten proiektuaren izaera eta garapena ez zetozela bat euren irizpideekin eta ezinbestekoa zela aldaketak egitea proiektua onartua izatea nahi bazuten.
Proiektuan aldaketak egin eta Madrilera abiatu ziren udal ordezkariak 2011ko urrian. Bertan argi utzi zieten ez zegoela inongo konpromiso ezta interesik laguntzak bideratzeko. Beraz, esku hutsik bueltatu ziren. EAJren proiektua bertan behera geratu zen!
Baina EH Bilduren helburua gure ingurua birgaitzea eta itsasertza berreskuratzea zen eta lanean jarraitu zuten.
Ekiteko prest zeuden eta 2014ko irailean Madrilera bueltatu ziren EH Bilduko udal ordezkariak proposamen desberdinekin: Mendieta Ontziola, Malekoia eta San Juan-Santa Katalina paseoaren proiektu berriarekin euren artean.
2015eko otsaileko galarrenaren ondoren, Kosta Zuzendaritzak esan zieten Lekeitiok diru laguntzak jasoko zituela kalteei aurre egin ahal izateko. Baita itsas labarra berreskuratzeko lanak egingo zirela ere. EH Bilduk Madrilen egindako bilerak fruituak eman zituen!
Larrialdiko diru-laguntzak zirenez, berehala hasi ziren lanean: ingenieri bati itsas labarraren egoeraren ikerketa eskatu, desjabetu behar ziren lur eremuak identifikatu, kaltetuen zerrenda egin… Martxan zegoen proiektu berria!
Lanak 2015eko maiatzaren amaieran-ekainaren hasieran (EH Bilduren udal gobernu garaian) hasi ziren. Amaitzeko epea urte azkena izanik.
EH Bilduk hasitako eta diru-laguntzak jasotako proiektua gauzatzea gelditu zaio EAJko udal gobernu berriari, baina eurena balitz bezala aurkezten digute, aurretik malekoiarekin egin zuten bezala! Eta aurretik komentatu dudan guztia ikusita, badakit hau ez dela posible, horrelako gauza ederra egiteko lan luzea dagoelako atzean!
Maiatzaren amaierarako udalak amaitutzat ematen izan du paseoa. Baina orain, ekainaren amaierara luzatu dute irekiera.
Hauteskunde usaina dario erabakiari!
– Miren Tere Aboitiz. Lekeitioko EH Bilduren izenean.