Turismo arloko Euskadi Saria, flyscharen ibilbideari
Mutriku, Deba eta Zumaia arteko 12 kilometroko flysch-aren ibilbideak turismo arloko Euskadi Saria jaso zuen atzo. Ibilbideak marka turistiko izaera 2008tik dauka, baina 2002ko udan hasi ziren lehenengo bisita geologikoak antolatzen bertan. Harrez gero...
Mutriku, Deba eta Zumaia arteko 12 kilometroko flysch-aren ibilbideak turismo arloko Euskadi Saria jaso zuen atzo. Ibilbideak marka turistiko izaera 2008tik dauka, baina 2002ko udan hasi ziren lehenengo bisita geologikoak antolatzen bertan. Harrez gero garapen oso handia izan du. Aurtengo urtean bakarrik banakako bisitariak 6.000 izan dira, eta talde antolatuen kopurua gehituta are handiagoak dira zifrak. Hiru udalak, Debegesa, Deba Beheko Garapenerako erakundea, eta Begi Bistan enpresa pribatua dira flyscharen ibilbidearen kudeaketan diharduten entitateak.
Saria jasotzerakoan, hain zuzen ere, elkarlan hori nabarmendu du Debegesako turismo arduradun Cristina Iturriagagoitiak: “udalen eta entitate publiko eta pribatuen arteko elkarlana da saritu dena”. “Ilusio handiarekin” jaso dute saria. “Aurrerantzean are eta gogo handiagoz proiektu honetan aritzeko balioko digu”, esan du Iturriagagoitiak.
Orain, flysharen ibilbidea marka turistikoan ezezik, Mutriku, Deba eta Zumaia mundu mailako Geoparke Sarea proiektuan sartuta daude. “Turismo ikuspuntu hutsetik haratago doa, eta kostaldea zein barnealdea hartzen ditu aintzat. Lurraldearen gestio orokorra hobeto egiteko garapen ikuspuntu egokia ematen du sareak”, esan du Iturriagagoitiak.