Samikolla-Burumendi errepidea konpontzeko tramiteak aurreratuta daude
Udalaren kezka nagusien artean zegoen errepidea konpontzeko gaia. Konponbidea, baina, ez zen erraza, eta udala denbora luzean aritu da konponbidea eman ahal izateko lanean. Obra egin ahal izateko, alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Ura ur agentziaren baimena beharrezkoa zen, eta udalak lortuta dauka. «Urtarrilaren 10ean jaso genuen lanak baimentzen dituen txostena», adierazi du Joseba Palentzuela alkateak. Beste alde batetik, obra nork egin behar zuen erabaki beharra zegoen. Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saileko Portuen eta Aireportuen zuzendaritzarekin hainbat bilera egin ondoren, obra aipatutako zuzendaritzaren esku geldituko dela erabaki dute. «Bidea portuen zuzendaritzak egin zuen, eta udalari eman zion obra amaitutakoan, baina ia hasieratik arazoak eman ditu. Azkenean, obra euren gain hartuko dutela adostu dugu». Errepidea egonkortzeko egitasmoa eginda dago. Haren arabera, mendia eutsiko duen 55 metroko pareta eraikiko dute. Pareta bertikalean eta horizontalean jarritako piloteekin gogortuko dute.
Proiektuaren esleipena egitea da hurrengo pausoa. Behin hori eginda, obra hasteko moduan egongo da. «Azken bi pauso horiek portuen zuzendaritzak egin beharrekoak dira, eta euren asmoa tramite horiek ahalik eta azkarren egitea da», gaineratu du alkateak.