Espetxeratze agindua dauka baina herri harresiak babesten du. «Irribarrea galdu barik», nekatuta baina indarrez, tinko jarraitzen du Aske Gunean: Urtza Alkorta (Ondarroa, 1977).
Egunak aurrera doaz. Nola zaude?
Fisikoki nekatuta nago, oso. Baina psikologikoki buelta eman diot. Ohitu naiz momentu batean nire burua kartzelan ikustera eta bi segundura antxoak pla-pla eskaintzen dizkidaten herritarrekin egotera. Barikuan gogorra egin zitzaidan momentu oro jendea agurtzen ibiltzea. Baina orain buelta eman diot. Maila pertsonalean oso pozik nago herriarekin nagoelako, baina ez daukat kartzelara joateko gogorik. Ikusiko dugu ni eramatea lortzen duten. Bada, ni irudi honegaz geldituko naiz, herri babesaren irudiagaz.
Zer deritzozu azken egunetan Ertzaintzak eduki duen jarreraz?
Beraien jarrera argi dago hona (Aske Gunera) sartzea dela, Madrileri men egitea. Operatiboki egokia den unearen zain daudela diote. Suposatzen dut ahultasun unea topatzen ari direla. Baina ez dute topatuko. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik zenbat jende etorri den ikustea harrigarri ada. Nik ez nuen mota honetako erantzunik aurreikusten. Ez nuen planteamendu honetan pentsatzen. Argi neukan ez nintzela neure kabuz aurkeztuko, baina azkenean herriak sortu du herri erantzun bat. Ertzainek herri erantzuna zapuztu nahian jarraituko dute.
Zer sentitu duzu Alamedara agertu zarenean? Zerrekin topo egin duzu?
Babes handia topatu dut. Nik agian presoen ikuspegitik hitz egiten dut eta beti esan izan dugu herria gurekin dagoela. Jakinda ni berriro ere kartzelara noala, hau herri babesaren beste adibide bat da. Herria benetan dago gurekin. Ariketa hau kartzela barrura doanarentzako ona da. Kartzelara noa, baina indarrez gainezka eta herri nirekin dagoela sentituz.
Herritarrei herri harresiaren filosofiarekin bat egiteko eskatzen diezu?
Erabat. Aro politiko berri baten sartu gara eta orain konponbiderako garaia da. Errepresioaren eskema zaharra mantendu nahi badute ere, beste fase politiko baten gaudela erakutsi behar dugu. Desobedientzia aurrera egiteko borroka modura ulertzen dugu eta estatuaren blokeo horri herri erantzunarekin aurre egin ahal diogula erakutsiko dugu ekintza baketsu honekin.
Ekimen honekin bat egiteko sare sozialetan bideoa zabaldu zenuen. Zein zen zure hasierako helburua?
Herritarrei ekimenean parte hartzeko deia egin nahi nien. Baina ez nuen uste izan horrenbesteko oihartzuna edukiko zuenik. Erantzuna erabatekoa izan da, ikaragarria. Ni bakarra naiz, baina nire moduan beste hainbat eta hainbat daude, eta bideoarekin hori erakutsi nahi izan nuen. Gatazkaren ondorioz Euskal Herrian alde guztietan daude konpondu beharrekoak, zoritxarrez. Eta hori ere erakutsi nahi izan dut. Jendea gaur egun kalean dago baina edozein momentuta kartzelaratu dezakete.
Zelan bizi duzu bihar non egongo zaren ez jakitea?
Hamar hilabete inguru egin ditut kalean eta irten nintzenetik, egunerokotasuna bizi izan dut. Ez dut jakin izan noiz edota nola atxilotuko nauten. Abokatuak ere ezin zidan ezer garbirik esan. Nik eguneroko bizitza eta lan politikoarekin aurrera jarraitzea erabaki nuen, uste nuelako erantzunik onena hori zela. Gaur egun fidantzapean edo ni modura zigor erdia Beteta irteten direnek egoera hori bizi dute. Filosofia honetan oinarritutako ekimenek herri babesa helarazten digute egoera horretan gaudenoi eta horrela, estatuari ere aurre egin ahal diogu.
Uztailean aske geratu zinenean, senideei emandako babesa ezinbestekoa zela esan zenuen. Esandakoa berresten duzu?
Ez dut denen izenean berba egingo, baina nik bizi izan dudan egoera kontuan hartuta, azkenean preso dagoenarentzat bere ingurukoak eta senideak dira garrantzitsuena. Akaso neurekoia izango nintzen, baina haiek eusten badute, nik ere eutsiko diot.
Eragileei dagokienez, babesa somatu duzu?
Hasiera-hasieratik ingurukoak nire ondoan egon dira. Eta talde, eragile edota bestelako ekimenetatik babesa jaso dut; animoak jaso ditut. Herri erantzun hori da bidea. Presoekin esaten dugun moduan, presoak ez dira ezker abertzalearenak, Euskal Herrikoak dira eta gatazka baten ondorion dira. Eragile ezberdinen, sentsibilitate ezberdinekoen babesa jasotzea ona da.
Egoeraren gordintasuna kontuan hartuta, Urtza Alkorta indarrez dagoela esan genezake?
Noski baietz. Ezker abertzalean militatzen hasten zaren momentuan, errepresioa hortxe dago. Inork ez du inoiz kartzela bere bizi proiektuan aurreikusten, baina aukera hori hor egon da beti. Ez daukat beldurrik. Kartzela bere beste militantzia esparru bat bezala ulertzen dut. Aurrekoan egin modura, orain ere indartzeko aprobetxatuko dut tarte hau. Horrela, gerora, irtendakoan, lan politikoa egiten jarraituko dut. Orain, inoiz baino gehiago, indarra egiteko momentua da; ez da begira egoteko garaia, guztion artean indarra egiteko momentua da. Lagun batek esaten didan moduan, irribarrea ez dut kenduko.