Ondarroa aldaketei egokitu behar den herria da. Ingurune sozioekonomiko gaitza dauka, eta indarguneetan oinarrituta aukera barriak sortu behar ditu. Horiek izan dira OND2020 hausnarketa prozesutik atera dituzten ondorio nagusiak. Guztira 111 lagunek hartu dute parte bileretan.
Etorkizuneko erronkak zehazteko prozesuan
arrantza sektorearen aldeko apustua egiten jarraitu nahi da, «arrantza sektore erakargarri eta errentagarri baten alde eginaz, arrainari balioa erantsiz, herriko arrantzale izaera turismoagaz lotuz eta aktibitate barriak eta barritzaileak sustatuz arrantza sektoretik harago».
Izan be,
turismoa etorkizuneko jarduera kontsideratzen da, aktibitate ekonomikoaren iturri. Horretarako, herria turismora zabaldu behar da, baliabideak balioan jarriz eta herriko dinamismoa indartuz.
Merkataritza-sektorea da herri dinamismoaren adierazle garbia. Ondarroan lanpostu asko barneratzen ditu, eta hausnarketa prozesuan ondorioztatu da «elementu ezberdintzaileen inguruan berrindartu beharra».
Eta hori guzti hori Ondarroak «arin» egin behar du, alkarlanean, «kalitateagaz» eta bere-berezkoa eta ezberdintzailea duen nortasun propioagaz. .
Aurkezpen ekitaldian Argia Ituarte alkatea eta Leartibai Garapen Agentziako zein Elhuyar Aholkularitza taldeko kideak egon ziren. Eurekin batera, OND2020 hausnarketa prozesuan parte hartu duten hainbat eta hainbat herritar, asko eta asko aitatutako sektoreetakoak.
«Orain arte egin dena abiapuntua izan da», azaldu dute. «Oso prozesu aberasgarria izan da, parte hartzea zabala izan da, eta gainera oso aktiboa».
Irailetik aurrera, lanera
Uda pasatu ostean hasiko dira identifikatutako gaien inguruan lanean. Hori guzti hori aurrera eroateko hurrengo lan egitura proposatu du Ondarroako Udalak:
Ondarroako Udaleko Garapen Batzordea kontsolidatuko da. Hiru hilabetetik behin batuko da: udal gobernuko kideak, alderdi politikoetako kideak, udal teknikariak, Leartibai Garapen Agentzia eta foro bakoitzeko ordezkaritzak egingo dute bat berton. Beste alde batetik,
hiru lan mahai sektorial –foroak– sortuko dira: arrantza foroa –bi hilabetetik behin batuko da–, merkataritza-turismo foroa –bi hilabetero batuko da– eta jarduera barrien foroa –hiru hilabetetik behin batuko da–. Talde guzti horiekin lanean asteko egutegia be prestatu da . Idazkaritza tekniko lanak Garapen Agentziak egingo ditu.