Urrian hasiko diren epaiketen aurrean, «elkartasunaz gain, konpromisoa» eskatu diete auzipetuek alderdi politiko, sindikatu eta herri elkarteei.
Herriko tabernen auzian 37 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean,
ETAko kide izatea egotzita; eta beste
40 lagun Segi gazte antolakundearen kontrako epaiketan auzipetuko dituzte. Atzo ELArekin elkartu ziren, Donostian.
Herenegun Bilbon emandako prentsaurrekoan
Karmelo Landa auzipetuak esan zuenez,
«salbuespenik gabe, interlokuzio jarraia mantendu ahal izateko, gaur hasi eta epaiketa egin eta amaitzen den bitartean, konpromiso zehatzak» proposatu nahi dizkiete. Horretarako, alde biko batzarrak eskatu dituzte. Izan ere, Landaren iritziz, «beharrezkoa da konpromiso kolektiboa, bakearen eta elkarbizitzarean bidea egin ahal izateko».
![GAZTE MUGIMENDUA - 35/02 AUZIA](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2013/09/GAZTE_MUGIMENDUA___35_02_A-300x199.jpg)
Auzipetuen
helburua «indar politiko, sozial eta sindikal guztiekin biltzea» da, eta orain arte bidalitako eskakizunek «erantzun positiboa» jaso dutela nabarmendu dute. «Ez dugu bilera formalik nahi, bilkura funtzionalak nahi ditugu, konpromisoetara iristeko, jokoan dagoena Euskal Herriko bakea eta elkarbizitza direlako».
Isa Mandiola markinarrak ere herritarrek konpromisoak hartzeko garaia dela nabarmendu du, guztien indarra ezinbestekotzat joaz estatu espainolak «betiko errezetak» bazter ditzan.
Mikel Totorikak, bestalde,
«eraso judizial» gisa jo ditu bi makroepaiketa horiek. «Une politiko berri honetan, eragile politiko, sozial eta sindikalen esfortzuek urteetan bizi izan dugun gatazka gainditzeko bidean joan behar lukete». Horri aurre egiteko, auzipetuek elkartasun politiko zein ekonomikoa beharko dutela jakinarazi dute. Elkartasun hori adierazteko bi egun zehaztu dituzte: irailaren 29an Lekeition ospatuko den Libre Eguna, eta urriaren 26an Bilbon egingo duten nazio mailako manifestazioa.
8 eta 10 urteko zigor eskaerak
Herriko tabernen auzian Karmelo Landa eatarra, Isa Mandiola markinarra eta Jon Martinez Sukarrietako bizilaguna daude auzipetuta. Lehen bientzat hamar urteko zigorra eskatuko du fiskalak, eta zortzikoa Martinezentzat. Segiren aurkako auzian, Gaizka Likona eta Zuriñe Gojenola lekeitiarrak epaituko dituzte. Seina urteko zigorra eskatu du fiskalak.