Enpresa pribatu batek Karraspio inguruan aparkalekua eta etxebizitzak eraiki nahi zituen. Eta horretarako egitasmoa aurkeztu zuen. Mendexako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektuari babes osoa eman zioten, hasiera-hasieratik. “
Harrigarria izan zen udalak eta Aldundiak egitasmoa babestu izana“, azaldu dute egitasmoaren aurka egin duen plataformako kideek.
Proiektua “zentzugabea eta ingurumenarentzako kaltegarria” zela iritzita, SOS Karraspio Mahaia sortu zuten egitasmoaren kontra zeuden herritar batzuek. “Mahai horretan era askotako jendea batu gara: auzokoak, Gu Behintzat Oinez herri plataforma, Ekozain talde ekologista, Lekitxo Bizirik, Mendexako EH Bildu, Lekeitioko EH Bildu, Lekeitioko Aralar…. Guztien helburua “proiektuari aurre egitea” dela azaldu dute SOS Karraspioko kideek.
Egitasmoari alegazioak aurkeztu eta gero,
proiektuaren sustatzaileek egitasmoan aldaketak egin zituzten. “Etxebizitza blokearen altuera jaitsi zuten, besteak beste”. Dena dela, Aldundiak, proiektuaren sustatzaileak eta udalak egitasmoagaz aurrera egin zuten, proiektua defendatzen jarraitu zuten. “Herritarron eskaerari behin eta barriro muzin eginez”. Horren aurrean, SOS Karraspioko kideek, egitasmoa “neurrigabekeria eta legez kontrakoa” zela iritzita, hurrengo urratsa eman zuten: auzia Auzitegi Nagusian salatzea, administrazioarekiko auzia jarriaz.
Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ontzat eman ditu SOS Karraspiok emandako arrazoiak; proiektua eten du Auzitegiak eta SOS Karraspio Mahaia osatzen duten herritarrek pozik hartu dute albistea. Horien esanetan, herritarrak alkartuz, gauza asko lortu ahal dira
Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bi aldeak aztertu eta gero, joan den astean epaia ezagutzera eman zuen. “Horren arabera, proiektua bertan behera geratu da”.
Halaber,
epaiak ontzat eman ditu SOS Karraspiok emandako arrazoiak. “Bai forman eta baita eduki aldetik ere”.
Auzitegiaren esanetan, “legediaren arabera, mota horretako babesa duen gune baten ezin da aparkalekurik egin. Ez eta arau subsidiarioetan aldaketa puntualak eginda”.
Epai horren aurrean,
SOS Karraspio Mahaiak “poza” erakutsi du. “Espero dugu orain Aldundiak eta Mendexako Udalak gogoeta egin eta norbanako baten proiektuaren defentsan diru gehiagorik ez gastatzea”.
Edonola ere, SOS Karraspiotik gune horretan eta horrelako proiektuen gainean egoten jarraituko dutela azaldu dute. “Ezin dugu onartu interes partikularren truke, guztion etorkizuna hipotekatuta geratzea”.
Bide beretik,
SOS Karraspiok orain arteko bidea “luzea” izan dela esan du. “Hainbat ekimen egin ditugu (hitzaldiak, ibilaldia, antzerkia, barazkien salmenta, panel informatiboak, elkarretaratzeak, sinadura bilketa…) eta bidean hainbat bide lagun eduki ditugu”. Bada, guzti horiei, zorionak eman nahi izan dizkie SOS Karraspiok. “Zorionak zuen atxikimendua erakutsi duzuen guztioi: eskualdeko udalak, taldeak eta norbanakoak. Zorionak herritar guztioi eta segi etorkizun hobearen aldeko defentsan”.
Izan ere,
epaiak, “herritarrok alkar batuta, gauza handiak lor ditzakegula erakusten digu, zaila dirudien arren”.
- EAEko Auzitegi Nagusiaren EPAIA IRAKURRI