Aurrera eta aurrera, aldatzen eta egokitzen, txikitasunetik handitasunera zabaltzen. Erronka asko ditu aurrean Hitzak. Baina aurrera begiratzerakoan, atzean lagatakoa zer den jakitea ere komeni da. Izan ere, oinarriak atzean daude. Eta oinarri horiei esker gara garenak.
Ilusioz sortu zen egitasmoa. Eta hazi ere ilusioz egin zen. Oztopoak oztopo, txingor euritan ere aurrera egin du Hitzak. Eta orain, etorkizuna inoiz baino zabalago ikusten denean, erronkek barriro ere hasierako ilusioa ekarri dute egitasmoarekin bat egiten duten kideengana.
Ilusioz sartu gara interneten. Ilusioz bultzatu dugu Hitza sare sozialetara. Eta ilusioz jaso dugu herritarren eta irakurleen erantzuna. Multimedia alorraren gainean jarri dugu proiektua. Gutxinaka bada ere, Hitzako taldea portu berriak ezagutzera heldu da. Eta portu horiek dira norabide zuzena.
Itsaso zabalean barrena, lemari gogor eusten jarraituko diogu. Herritarren eta oro har, herrien laguntzarekin, ilusioz nabigatzen jarraituko dugu. Eta gurekin batera nabigatzeko gonbitea egiten jarraituko dugu. Urte askotarako!