Iban Arregi: Denon bultzadarekin, aurrera!
Ondo gogoan ditut 2003ko hilabete haiek. EGUNKARIA itxi berri zutela hasi ginen 11Barriko lagunak eta BERRIAkook «negoziotan». Garai zailak ziren, gogorrak. Egoeraren gogortasunaren adibide: EGUNKARIAren kontrako urriko bigarren operazioa, lankideak inkomunikatuta eta gu hemen, Ondarroan, proiektua gizarte eragileei aurkezten; edo Loren Arkotxa orduko alkatearekin bilera egin, eta hurrengo egunean, Arkotxa bera kartzelan… Ez zegoen giroa errez, baina erronkari erronka gehitu eta proiektu adostua mahaiaren gainean jarri genuen: eskualdean gehien irakurriko zen egunerokoa sortu behar zen, erreferentea. Ausardia handia erakutsi zuten eskualdeko eragileek eta lagunek, txalotzekoa. Hamar urte geroago, erdarazkoak baino gehiago irakurtzen den egunkaria daukagu Lea-Artibain, baita Busturialdean ere; eta hori kontuan hartzeko lorpena da, oso kontuan hartzekoa. Bertotik bertokoontzat eginiko egunkaria, euskarazkoa, irakurriena. Eta hori, eskualdeko udal handienen laguntzarik gabe abiatu zela proiektua. Herritarren sustengu ia bakarrarekin. Ez dut ezer deskubrituko esaten badut hedabideak estrategikoak direla hiztun komunitate bat trinkotzeko eta hizkuntza bat garatzeko; edozein herrik beharrezko duela norbere hizkuntzatik eta norbere kultur-ikuspegitik komunikatuko duen komunikazio-sare sendoa. 1982an dagoeneko aitortzen zien hedabideei ezinbestekotasun hori Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Legeak, Administrazioari eta Irakaskuntzari adinako garrantzia emanez. Hala, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza ere estrategikoa da helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa. Eta garrantzitsua da hedabideek betetzen duten eginkizun horretaz jakitun izatea denok, berandu baino lehen. Izan ere, egoera zaila bizi dute hedabideek (ere), eta eskualde honetan ere antzera gertatzen da; baina badira herri batentzat oinarri-oinarrizkoak diren zutabeak, ezinbestekoak direnak krisi egoerarik larrienean ere, eta hor kokatzen ditut nik, gure Euskal Herri honetan, hizkuntz normalizazioa eta euskal hedabideak ere. Ezinbestekotasun horretaz jakitun aritu behar dugu, beraz, hasteko eta behin, proiektu hauen eragileok eta bertoko langileok, helburuak eta bitartekoak ondo bereiziz eta kalitateko produktuak eginez. Eta, bigarrenik, ezinbestekotasun horretaz ohartarazi beharko ditugu oraindik ohartu ez direnak, erakunde publiko guztiak eta oro har euskal komunitate guzti-guztia komentzitu arte. Denon elkarlanik eta bultzadarik ezean zaila izango delako, sektoreak bizi duen eraldaketa garaian eta krisi betean, erreferente izaten jarraitzea. Zorionak eta aurrera Hitza!