Lore Bengoetxea: "Sare sozialek garrantzia handia dute gaur egun HITZAren proiektuan"
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza
Lea-Artibai eta Mutriku
Lore Bengoetxearen (Ondarroa, 1970) zuzendaritzapean eman zituen Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak lehen pausoak. Hamar urteko ibilbide horretan poztasun eta oztopoak aurkitu ditu, baina aurrera begira jarraitzen du.
Zer dela-eta sortu zen Hitza?
Momentu zehatz bat bizi zen Hitza sortu zenean. Alde batetik, Lea-Artibaiko kazetari talde batek aldizkari baten proiektua zeukan esku artean, eta beste alde batetik, Andoainen, Egunkaria itxi berri zela, beste proiektu bat sortu zen: Berria. Talde horren egitasmoen artean eskualde mailako herriz herriko komunikazio proiektu bat sortzea zegoen: tokiko egunkariak sortzea. Horrela, Berriako talde hori Lea-Artibaiko kazetariengana hurreratu zen euren proiektua azaltzera, eta hasieran astekari izatekotan zen proiektua egunkari bihurtu zen. Mutriku, Lea-Artibaigaz harremana zuela pentsaturik, proiektuaren barruan sartzera gonbidatu zen.
Zelakoa izan zen hasiera?
Hasierako egunak emozioz betetakoak eta lan handikoak izan ziren. Aurreko egunetan eta aurreko asteetan, proiektua forma hartzen zihoala, harreman asko egin behar izan ziren instituzio eta herritarrekin geure proiektua ezagutzera ematen joateko. Fresko-fresko eta ilusio handiagaz geunden, eta egia da esku zabalik hartu gintuztela. Lea-Artibai oso eskualde euskalduna izanik, euskarazko egunkari bat etxean egunero irakurtzeko aukera ematea askorentzako opari bat izan zen. Horrela erakutsi digute urteak joan eta urteak etorri.
Urteak pasatuta, zelan ikusten duzu proiektua orain?
Proiektua handitzen joan da, baina, zoritxarrez, prentsa idatziak egoera berezia bizi du, eta euskal prentsak zelan ez. Guk hasieratik oztopo askori egin behar izan diogu aurre. Esate baterako, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak lehen zortzi orrialde zituen beretzat, eta orain, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeak osotzen dute zortzi orrialdeko egunkari hori. Gainera, argitalpen egun gutxiago ditu, martitzenetik barikura arte argitaratzen delako. Beste bide batzuk aurkitu behar izan ditugu aurrera jarraitzeko. Jende gutxiago ere bagaude gaur egunean beharrean, eta guztia aurrera eroatea esfortzu handia da. Hasieratik, kazetariari bai idazteko bai eta argazkiak ateratzeko gai izatea eskatu zaio. Profil hori, gainera, zabaltzen joan da, eta gaur egun sare sozialak ere menperatu behar ditu. Sare sozialak garrantzia handia dute, gaur egun, Hitzaren proiektuan. Zentzu horretan badoa zabaltzen, eta gaur egunera egokitzen. Hala ere, sare sozialen bidea hasi berri daukagu, asko dago egiteko, eta beharginak ilusioagaz eta aurrea hartzeko gogoagaz daude.
Zeintzuk izan dira oztopoak?
Argi eta garbi, oztopoak ekonomikoak izan dira. Hitza moduko proiektu bat ondo datorren lekua da hau. Eskualde euskaldun batean euskarazko egunkari bat egunkari indartsua izan daiteke, baina beti ere ahalegin ekonomikoa egiten denean. Harpidedunek ahalegin hori egiten dute euren harpidetza kuota ordainduta, baina kasu honetan ikusten dena da instituzioetatik ahalegin ekonomikoa beti izan dela kaskarra. Eusko Jaurlaritza batzuetan, Bizkaiko Foru Aldundia besteetan, edo udalak beste batzuetan ez dira behar den besteko lagun izan bide honetan. Denen aldetik egon behar da apustua. Azken batean, euskarazko komunikazio proiektu batek beti behar izango du laguntza. Sekula ere ez da izango %100ean bideragarria. Hori exijitu digute, baina ezin da lortu. Ahalegin guztiak egiten ditugu beste era bateko proiektuekin diru hori lortu nahian, baina argi dago instituzioek ere inplikazioa eduki behar dutela. Proiektu hau aurrera eroateko euren ekarpena beharrezkoa dela sinistu behar dute.
Gaur egun 11Barrin zaude. Ze lotura dago 11Barri eta Hitzaren artean?
11Barri Hitzaren bidelaguna da proiektu honetan. Hitzari laguntzeko sortu zen. Batera sortu ziren, baina, momentu batean, beste forma bat, beste bide bat eman ahal zitzaiola pentsatu zen: komunikazio proiektu batzuk eskainita lortuko litzatekeen beharragaz, Hitzari beste bultzadatxo bat emateko dirua etor zitekeen. 11Barrin era askotako komunikazio proiektuak eskaintzen dira. 11Barrigaz beharra egiten duenak, jakin dezala, horregaz, Hitzari laguntzen diola.
Zein izango litzateke aurrera begirako erronka?
Argi dagoena da internetek beste bide bat zabaldu duela, batez ere gazteei begira, eta hortik jo behar dugula aurrera. Paperak jarraituko du gure belaunaldiak eta zaharragoak behar dugulako. Gainera, papereko irakurleei esker mantentzen dugu Hitza. Harpidedun asko ditugu, eta horiei esker egin dugu aurrera. Denon eskuetan dago proiektu honek aurrera jarraitzea eta sendotzea, horretarako sentitu behar dugu Hitza denona dela, geurea dela, eta denon ekarpena beharrezkoa dela aurrera jarraitu ahal izateko, kasu honetan harpidetza eginez.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.