Bitxore Lakari esker ona agertu dio Ondarroak omenaldi hunkigarrian
https://www.youtube.com/watch?v=paQCD_GXGpY Bitxore Laka artista ondarrutarrak egindako produkzio osoa kalera atera zuten zapatuan. Trikitilarien doinuek lagunduta, txontxongilo erako 17 erraldoi Artelanek portuan duen lokalaren paretik kalejiran atera ziren. Monjetako parean, ostera, Lantzoia, 36 buruhandi, herensuge biak, eta lau erraldoi estatikoak zain zituzten hainbeste umerekin batera. Denak salto-saltoka Musika Plazara joan ziren.
Musika Plazara hurbildu zenak, Bitxore Laka artista ondarrutarra zena hobeto ezagutzeko aukera izan zuenTartean tarteko, gainera, txistuaren doinuek lagunduta, Lakaren bizitzako hainbat argazki ere proiektatu zituzten. Musika Plazara hurbildu zenak, Bitxore Laka hobeto ezagutzeko aukera izan zuen. Lakaren bizitzaren errepaso bat egin zen argazkietan, txikitatik hasita. Omenaldian, kresal usaina eta sorgin giroa nagusi izan ziren herriko taldeek eskaini zituzten ikuskizunetan. Hiru ikastetxeetako ikasleek abestu, dantzan egin eta turutak jo zituzten. Bertsoak eskaini zituen Botx-ek, eta Unanue Kamara Koralak eta Orfeoiak kantuan aritu ziren. Dantzarteren dantzan egin zuten. Guztiek Musika Plazara bertoratutakoak aho zabalik utzi zituzten. Kirmen Uribek testu bat idatzi zuen Lakaren errautsak Ondarroak badian aireratu zirenean. Zapatuko omenaldian ezin izan zuen egon, eta haren ordez Rakel Eluk irakurri zuen Uribek Bitxore izenburuagaz idatzitakoa. “Ez dakit ezagutu duten pertsona libreagorik. Beldurrik barik joan da. Horixe zuri buruz Inma ahizpak esandakoa. Esaldia harrigarria. Hiru lau hitzekin nolakoa zinen azaldu diguna. Bai, librea zinen Bitxore. Irudimena erabiltzen zenuen sormenerako, baina ez hori bakarrik. Irudimena erabiltzen zenuen bizitza xehetasunik txikienetik berriz asmatzen hasteko. Zuk erakutsi diguzu begirada horrekin begiratzen”. Omenaldiaren azken partean, Nerea Larrinaga eta Juan Olaetxea Artelaneko kideetako bi oholtza gainera igo, eta elkartearen izenean berba batzuk eskaini zizkioten Lakari: “Sortzeko orduan hegan ibili zara. Zeure sormenari esker, burutazio asko egi bihurtzeko gaitasuna eduki duzu. Bizitza guztian beharra, beharra, beharra eta beharra. Ezetza zer zenik ez duzu jakin. Egin eta egin. Burua abantean eta eskuak bizkorrak. Guri ere hori erakutsi diguzu. Beldurrik ez edukitzen geure buruari, geure zorakeriei, geure bolanderei. Ezinezkoa zena egi bihurtzen. Aske sentizen ginen zurekin beharrean. Zuretzako denok ginen sortzaileak. Ez zegoen makalik. Denok artistak eta bereziak sentitzen ginen, baina denaren gainetik euskaraz. Ondarroatik herri nortasuna egiteko bidea erakutsi diguzu. Ez dago inor zure hutsunea beteko duenik. Zeu zinen Artelan, Bitxore. Horretarakoxe bizi ziren egunaren 24 orduetan. Gure omenaldirik onena zureganako zure beharraz jarraitzea izango da. Inauterietan ez da ez Akularik, ez Lantzoirik faltako. Akelarrerik ere ez San Juan bezperan. Erraldoi eta buruhandiak ere ez Andramarietan. Eskerrik asko, Bitxore! Eman diguzun guztiagatik”.
Laka omentzeaz gain, Artelanek beste hiru emakume omendu zituen: Inma Laka, Sorkunde Santa Kruz eta Miren LersundiMomentu hunkigarriak bizi izan ziren Musika Plazako oholtza txikian, Bitxore Laka gogoan. Bitxore Laka omentzeaz gain, Artelanek zapatuan beste hiru emakume ere omendu nahi izan zituen, “Artelaneko tailerrean beti Bitxoreren ondoan guri erakusten ibili zirelako”. Omenduak: Inma Laka (Bitxoren ahizpa), Sorkunde Santa Kruz eta Miren Lersundi ‘Akerraneku’ izan ziren. Artelanekoek esker onez, bakoitzari orkidea bana eman zien. Ostean, ohorezko aurreskua egin zieten taulagainean erabat hunkituta eta malkoak ezin eutsita zeuden Artelaneko bost kideei. Omenaldiagaz amaitzeko, eskerrak emateko tartea ailegatu zen. Omenaldian parte hartu zuten, talde, elkarte eta norbanako guztiei eskerrak eman zizkien Rosana Goikoetxeak Artelanen izenean. Azkenik, antzerkia egin zen, eta produkzio osoak berriro kalejiran irten zuen. Naturarekin bat eginda domekan [urriak 12] Urbasan aireratu zituzten Bitxore Lakaren gainontzeko errautsak. Argazi galeria [nggallery ID=202]