Argia Ituarte Ondarroako alkatea eta Joseba Zabaleta ingurumen batzordeko kidea, edukiontzi marroiekin. Argazkia: Ondarroako Udala
Ondarroako Udalak asteon aurkeztu dute organikoa etxez etxe jasotzeko egitasmoa. Herritarrek interes handiagaz jaso dute albistea, eta asko izan ziren astelehenean egin zen aurkezpenera agertutakoak. Dagoeneko jendea izena ematen hasia dela nabarmendu dute udal ordezkariek. Izena emateko 94-683 36 74 telefonora deitu edo
idazkaritza@ondarroakoudala.net posta elektronikora idatzi beharko da.
Egitasmoan izena ematen duten guztiek ikastaro bat jasoko dute dudak argitzeko. Bestalde, udalak atari bakoitzeko bizilagun denei eskutitz bat bidaliko die, euren etxe atarietan edukiontzi marroiak ikusten hasiko diren zergatia azaltzen.
Etxeetan banatuko diren diren edukiontziak tamaina ezberdinetakoak izango dira, norberaren beharrizanen arabera. “Printzipioz tamaina estandar batekoak banatuko ditugu. Normalean hori ez da bi egunetan betetzen. Norbaitek handiagoa behar izanez gero, eskatzea besterik ez du”, azaldu dute ingurumen batzordeko kideek. Era berean, edukiontzi guztiek itxitura berezi bat dutela aurreratu dute, “animaliek ez irekitzeko modukoa”.
Jateko soberakin guztiak jasoko dira edukiontzi marroietan. Okela, arraina, barazkiak, prestatutako edo prestatu bariko edozein janari organiko bota ahal izango dira. Organikotik lortzen den konposta guztia udala Larruskainen landatzen ari den basoan erabiliko da ongarri modura.
Martxan ipini berri duen egitasmoa proba pilotua dela nabarmendu du Ondarroako Udalak. Jendeak organikoarekin izango duen esperientzia gertutik ikusi nahi dute, eta gerokoan, “informazio, emaitza eta datu errealak esku artean izanda”, hondakin bilketa berria ezartzerako orduan erabakiorra izan daitekeela uste dute.