Lea Artibai Amankomunazgoko zaborren kontratua aldatzea EAJ-ri leporatu dio Bilduk
Lea-Artibai Amankomunazgoan gehiengoa duen EAJk inori ezer esan barik kontratu berria aldatzea erabaki dutela argitu du Lea-Artibai eskualdeko Bilduk, eta ondorioz bi lanpostu galduko direla. Lea-Artibai Amankomunazgoko Batzar Nagusian EAJ alderdiak gehiengoa duela azpimarratu dute, eta lehendakaria ere EAJkoa dela.
Hondakin zerbitzuan izandako aldaketen berri kaletik edo komunikabideen bidez jaso dutela ere gaineratu du Bilduk. “Egun batetik bestera enpresa batek zerbitzua emateari utzi eta beste bat horretan hastearen erabakia Amankomunazgoko lehendakariak hartu du, eta horren ondorioz EAJk”, adierazi dute.
Lea-Artibai Amankomunazgoaren funtziorik garrantzitsuenetako bat hondakin zerbitzua izanda, “horrelako aldebakerreko erabakia” hartzea zelan den posible galdetzen du Bilduk:”Zelan hartu du EAJk erabaki hori beste alderdiak kontuan hartu barik?”.
Egia kontatzeko eskaera
“El Correo egunkariak gai horretan eduki duen jarrera lotsagarria ere salatu nahi dugu”, nabarmendu du Lea-Artibaiko Bilduk. Joan den abenduaren 3an El Correo egunkarian Lea Artibai Amankomunazgoko notizi bat argitaratu zen. Bertan, LAB sindikatuak hondakin bilketa zerbitzuan bi kaleratze egon direla salatzen duela adierazten zen. “Eskualdeko herri desberdinak osatzen dute Lea Artibai Amankomunazgoa baina notizian horietako hiru baino ez dira aipatzen, hain zuzen ere Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemein. Gainera ondo azpimarratuta geratzen da herri horien udalak kudeatzen dituzten udal-taldeak Bildukoak direla. Mankomunitateko lehendakaria EAJ-PNVkoa dela ez da inon aipatzen”, salatu du Bilduk. Bi kaleratze egongo direla egia dela diote, baina era berean, egoera horren erantzukizuna nork duen adieraztea izan beharko litzatekela hedabide baten lana. “Herritarrei egia esatea eta ez manipulatutako kontakizuna, hori da komunikabideek egin behar dutena”.
Egoera horren guztiaren aurrean Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakaria non dagoen galdetzen dute Bildukoek.