Bekobentako etxola.
Gune berria martxan jartzen den momentuan, udaletxe osteko gunean konposta egiten duten hainbat familia Iderragako gunera bideratuko direla jakitera eman du udalak, gertutasuna eta erosotasunagatik. “Horrela, aurrez izena eman eta itxaron zerrendan dauden familiei konposta egiten hasteko aukera emango zaie”, azaldu dute.
Udalak datozen asteetan antolatuko dituen herritarrentzako batzarretan azalduko ditu aldaketak. Konposta nola egin ikasten hasteko prestakuntza saio bat ere antolatuko dute, eta ikastaroa egin ostean banatuko zaizkie parte hartzaileei konpostarentzako edukiontzia eta informazio gida.
“Hirugarren gunean, aurrekoekin alderatuta, jarduera erraztu egingo da. Beste hondakin gaiekin egiten den moduan (ontzi arinak, papera eta kartoia…) hondakin organikoa dagokion konpost-ontzira bota baino ez da egin beharko; kudeaketa (estrukturantea gehitu eta nahastu…) udaleko langileek egingo baitute”, jakitera eman du udalak.
konposta egiteko proiektuan izena emateko epea irekita dagoela ere ohartarazi du udalak, eta parte hartu nahi duten herritar guztiek izango dutela horretarako aukera, udaletxeko harrera-lekuan izena emanez gero.