«Gogo handia daukagu berriro ere taula gainera igotzeko»
Markina Shots! rock jaialdiak hamar urte beteko ditu aurten, eta emanaldi berezia prestatu dute ospatzeko; Aterkings taldea oholtzara igoko da urteko azken kontzerturako.Gauzak batzuetan ez dira momentu zehatz batean sortzen, eta Markina Shots! rock ja...
Markina Shots! rock jaialdiak hamar urte beteko ditu aurten, eta emanaldi berezia prestatu dute ospatzeko; Aterkings taldea oholtzara igoko da urteko azken kontzerturako.
Gauzak batzuetan ez dira momentu zehatz batean sortzen, eta Markina Shots! rock jaialdiaren kasuan ere horrela dela dio Mikel Txurruka Aterkings taldeko kide eta jaialdiaren sortzaileak. «Shots sortu zen momentuan bi lagun geunden tartean, biok gaztetatik saltsa guztietan ibiltzen ginenak beste batzuekin batera, Taupada, Eup irratia, Loorrin, Antimilitarista taldean, karmenetako kontzertuak antolatzen, Sorgin gaua Labetxen, Belaotseko jaiak…». Jaialdia sortu aurretik 40 bat kontzertu antolatu zituzten bi urtean Jai Alai tabernan, eta, gero, Uhagon etorri zen. «Azkenean Markina-Xemeinek bere tokia zeukan kultur ekintzak egiteko, eta, zelan ez, urtero rock jaialdi bat egiteko».Lehen jaialdi hark izenik ere ez zeukan, eta Uhagon bera ere oraindik martxan hasi barik zegoen. «Orain komunak eta agertokia dagoen inguruan jo genuen ohol batzuen gainean, eta, egia esan, ondo baino hobeto pasatu genuen». Handik bi urtera, jaialdia urteko azken zapatuan egitea erabaki zuten, eta hurrengo urtean ipini zioten izena.
Hamar urte betetzen ditu aurten jaialdiak, eta hainbat talde pasatu dira bertatik, baina zeintzuk diren gogoratu nahi duenak abenduaren 27an Uhagon aretora joan beharko lukeela dio Txurrukak. «Ezusteko eder bat daukagu prest». Hiru bandako festibala egiten dute beti, eta Euskal Herriko talde asko pasatu dira bertatik. «Nahiz eta oso aurrekontu xumeagaz funzionatzen dugun». Talde handiak ia-ia musutruk ekartzen dituzte, nahiz eta zelan egiten duten eurak ere ez ulertu. «Izan daiteke rock and roll-aren azpimunduan dauden taldeak rock and rolla jotzea dutela helburu, eta ez dirua batzea ke saltzaile askok gure Euskal Herri txiki honetan egin duten modura». Noski, antolatzaileek ere ezeren truke egiten dute lan. «Urtero jendeak zelan erantzuten duen ikustearen truke, zelako ondo pasatzen duten ikustearen truke».
Urteurrenaren harira, CD bilduma bat egin dutela ezin izan du isilean gorde Txurrukak. «Shots-en jo duten talde guztien kanta bana sartu ditugu, eta gauza indartsu-indartsua atera zaigu». Barruan, gainera, hamalau orrialdeko liburuxka ere eramango du «urtero egin diren kartel guztiekin». CDa kontzertuko egunean sarrera erakusten duen guztiei oparituko diete Uhagonera sartuaz bat. «350 kopia egin ditugu bakarrik, 200 bat kontzerturko, eta besteak taldeetako partaideentzat».
Hiru kanta Markina-Xemeinen grabatu dituzte musika lokaletan, herriko Gotzon Aretxabaleta soinu teknikariaren laguntzagaz. Diskoaz gain, kamisetak ere aterako dituzte, eta erakusketa txiki bat antolatuko dute. «Kontzertua, taldeentzako afari ederra, 350 disko, kamisetak, kartelak, diseinua… dena 1.500 euroko aurrekontuagaz. Magia? Nahikoa bai».
Herriko taldeak
Jaialdi guztiak azpimarratuko lituzke Mikel Txurrukak. «Taldeak beti etorri dira gustura gure jaialdi xumera, eta publikoaren erantzuna beti itzela izan da. Badakit jende asko dagoela urtero-urtero han dagoena, eta guk hori izugarri eskertzen dugu».
Urte askotan, arratsaldean ere zer edo zer muntatu izen dute Jai Alai tabernan «giroa berotzen joateko», eta aurten ere horrela egingo dute. «19:00etan, Ian Mason musikariak bere Revel black countrya eskainiko du, gauerako girotzen joan gaitezen».
Txurrukaren ustez, Markina-Xemein beti joan da atzetik rock musikari dagokionez. Gainera, orain dela hamar urte zegoen taldeetako jendea ia-ia orain dela hogei urte zegoen bera dela dio. «Orain dela 20 edo 25 urte erein ziren lehen hasiak. Ata la burra al poste, Taupada, Bota piñue, Harrika, orain AD direnak eta Urkatu zeuden; orain dela hamar urte Aterkings, AD, Txato Plato, Loorrin, Oliba Gorriak eta abar, eta gaur egun orain dela hamar urteko berek jarraitzen dute. Hala ere, gazte jende berri asko musikarengana hurbiltzen ari da, eta gu pozik».
Musika edo herriko rock taldeen egoera asko aldatu da. Bere lehenengo anplifikadorea etxeko sukaldean amak zeukan irrati txiki bategaz egin zuen Txurrukak. «Gitarra akustiko bategaz, anplifikadore zahar bat, bi pletinako minikate bateko mikro ziztrin bat eta bateriaren makilak genituen bakarrik, eta eurekin mahai baten gainean jotzen genuen Xemeingo elizaren aurrean zegoen Xemein Astialdi Taldeko lokal batean». Hori amaitu zenean, udalari eskutitz bat bidali zioten lokal eske, eta Arretxinagako udal zaharrera joan ziren. «Han sortu zen Taupada, bai eta beste talde asko ere».
Gaur egun kiroldegi azpian entsegatzen dute taldeek, eta leku ona dela dio. «Markina-Xemeingo herriari eskertu behar diogu leku hori erabili ahal izatea. Ahal dugun ondoen kudeatzen dugu espazio hori, nahiz eta beti dagoen bateren bat jakitun ez dena horra heltzea zenbat kostatu den».
Berriro oholtza gainean
10. urteurrenean berriz joko du Aterkings-ek. Urte batzuk dira kontzerturik eman ez dutela, baina, taldea sarri-sarri batzen da. «Esango nuke sekula ez dugula Aterkings utzi. Beti izan gara horrelakoak, pixka bat artaburuak, pixka bat arduragabeak, gogoaren arabera gauzak egiten dituztenak, eta horrela funtzionatzen dugu, inori ezer saltzeko premiarik ez dugulako. Gurea zaletasun bat da, perretxiko bila joatea modura, egunaren arabera joaten zara edo ez, horregatik Aterkings bezalakorik ez dago».
Kontzertu honetan kanta zaharrak eta berriak joko dituzte. «Gure abestiez gain, Elvis, Vivoras, DF5, Wailers, eta beste talde mitiko batzuen bertsioak ere joko ditugu, gogoekin gaude taula gainera igotzeko».
Aterkinsg-egaz batera Cujo eta Sr.No egongo dira Uhagongo oholtza gainean. «Cujo Getxoko talde erreferente bat izan zen bere sasoian, Cancer Moon talde mitikoan ibilitako jendea, Zodiaks-en ibilitakoak, Los Clavos-en… 2006an agurtu ziren, baina berriz elkartu eta hilabete batzuk daramatzate entsegatzen espreski kontzertu honetan jotzeko». Señor No donostiarrak entzuteko aukera ere aparta izango da. «Sona handiko punk-rock taldea da, Espainiako estatu mailan ezaguna. Sei edo zazpi disko dituzte, eta momentu honetan beste bat grabatzen ari dira. Horregatik, ez dabiltza zuzenean jotzen, baina guretzako salbuespen bat egingo dute».