Natxi Aranburu: "Limosnatxo bat, Jainkoaren izenean"
Ez dut ukatuko gauza hau serioa ez denik, gertatutakoak ernegua eta samina sortu dituela jendartean, baina ezin ukatu gaiak badituela ertzak bertsoetarako. Eta honaino iritsita, P.M. Otañok jarritako bertso sorta baten azken puntuaz oroitu naiz.
Psikologiaren ikuspegitik, pertsonak dituen ahalmenetako bat abian jartzen dugu limosna ematerakoan; laguntza emate hau norberaren eraginez eta iniziatibaz burutzen da eta hola ohiko bihurtu zaigu euskaldunei –patua da izan ere gurea!- auzolanaren eraiketan ez ezik beste mila egunerokotasuneko jardueratan ere etengabe erabiltzea beste bizidunekiko bereizten gaituen ahal hori.
Azken egunotan, Eliza, Guardia Zibilak, hiru aste barru santa eskea… Adibide piloa daukagu; azkenengoa etorkizuna denez oraindik, bego bere horretan.
Hartarako edo besterako Elizak sarri-sarri eskatu ohi du limosna; egun finkoak ere jartzen ditu bere egutegian eta aldiz aurretik ahoz edo paperez-edo oharra ematen die bereei, eskuzabal izan daitezan meza denboran saskitxoa pasatzen dietenean begien aurretik. Ohiko-ohikoa. Orain egun batzuk, ordea, Bilbotik heldu da albistea; hori hala izanik ere zuhur ibiltzeko eliz ateetako eskekoekin, ze hainbat ez direla fidatzekoak eta. Antza ahaztu egin zaie, Ebanjelioan «zure esku ezkerrak ez dezala jakin, esku eskuinak zer egiten duen» esaten dela; edo oso antzekoa. Notizia bueltaka hasi baino ez eta ia-ia Athleticak daraman denborada eskasaren beste iruzkin izan ditu; pisuetako igogailuetan askotan errepikatu den gaia. Aurrerantzean, NAN edo DNA edo polizia txostenek diotenaren arabera banatuko ei dira postuak eliz ateetan.
Eta hara, lehenengoaren oihartzuna amaitu orduko, bestea eskupekoei buruz: whatsapp-a diost, Bilboko LABen egoitzan dirua kontatzen ari direla Guardia Zibilak astelehen goizean; NOW manifestazio orduan gastuak ordaintzeko manifestariok borondatez eman genituen txanpon eta bileteak batu eta batu, eta konta eta konta dihardutela! Eta zeregin berberean Gernikako Arranon ere. Geroago, hartu eta eraman egin dituzte, batek jakin nora. Lehenago ere egin digute holakorik eta gogorragoak ere bai: egunkariak itxi, libreki eta geure limosna zuzenarekin eta bolondresarekin sustatu ondoren eta ETAk finantzatuta zeudela eta abar. Azken portaera honen atzean, zuzenean edo zeharka, bezpera egunean Parisen libertateen defendatzaile sutsuak agertu zirenak ei daude. Hau da, zapatuan zakutxoetan borondeateren eraginez utzitakoa fondo erreserbatuetara joango da edo ilunetara behintzat bai. Milaka pertsonen diru txikiak!
Amaitzeko, nahiz eta etortzeko dagoenari buruz ez dudala ezer esango, aipatu aholku txiki bat: Santa Ageda aurreko egunetan kopla kantari atez ate edo kalerik kale ibili ondoren limosna eskerik edo kuestaziorik egiteko asmotan bazabiltzate, ez bideratu emaitza parrokoari eta batez ere paperak ondo-ondo egin, LABeko egoitzara eroaterik okurritu ere ez edo zuzenean, di-da baten inor enteratu orduko «zuritzea» izango da. Gomendagarriena bilete handiak ez badira; horiek, biltzen direnean, beste tratamentu bat izan ohi dute.
Oharra. Idazten nengoela beste whatsapp bat: «SAREk kontu korronte bat zabaldu du, bertan edozein pertsonak ahal duen neurrian, ahal duena sar dezan».