Mutrikuko Olatz auzoan dagoen Zelaitzueta haizeola orain arte aurkitu dutenik handiena dela aitortu dute adituek.
Euskal labea deritzonetakoaren ezaugarriak ditu, eta Xabier Orue-EtxebarriaEHUko Paleontologia katedradunaren arabera, Olazko labea ohikoa baino sakonagoa da. “Beste inongo labeetan agertzen ez diren ezaugarriak ditu honek. Ez da ohiko labe bat, berezia da. 60-70 zentimetro eduki beharrean, honek metro bat baino gehiagoko sakonera du. Horrez gain, Europan dagoenik handiena denaren susmoa dugu”.
Euskal Kostaldeko Geoparkean hiru urteko lan bibliografikoaren eta eremuko lana egin eta gero, iazko irailean auzolanean burutu ziren indusketa lanak hasi dira emaitzak ematen; aurkikuntza garrantzitsuak egin dira.
Xabier Orue-Etxebarria azalpenak ematen
Euskal Herriko Erdi Aroko burdinaren historia ulertzeko bide berriak ireki ditu Zelaitzueta haizeolan egin den indusketak. Indusketa arkeologikoa, gainera, erakundeen arteko lankidetzari esker posible izan da. Euskal Kostaldeko Geoparkeak sustatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHUko ikertzaile talde batek burutu du. Tartean, Debemen, Debabarreneko Lana Garapenerako Elkartearen lankidetza ere izan du.
Olatzeko haizeola Euskal Herrian induskatzen den ezaugarri honetako laugarren burdin mineralaren urritze labea da. Xabier Orue-Etxebarria katedradunak Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoen laguntzarekin zuzendu dituen indusketa lanek datu esanguratsuak atera dituzte argitara.
Orue-Etxebarria haizeolaren aurrean azalpenak ematen. Bere eskuman, Amaia Barredo (Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria)
Ikertzaile taldearen arabera, Zelaitzuetakoa energia hidraulikoa erabiltzen hasi aurretik ere existitzen ziren. “Horren froga sendoak ditugu”. Datuek erakusten dutenez, Euskal Herriko Erdi Aroko historiaren zati handi baten burdinaren metalurgiak izan zuen garrantzia, bere ondorio kultural, komertzial eta ekonomikoekin. “Honek guztiak zera probatzen du: euskaldunek aspalditik salerosten zuten burdina, burdinola hidraulikoak agertu baino askosaz arinago”.
Orue-Etxebarriaren taldeak 300 labe baino gehiago aurkitu dituzte, eta euskal mendietan milaka egon daitezkeela uste da.
Auzoaren izenak erakarrita etorri zen lehendabizikoz Orue-Etxebarria Olatzera. «Izen horrek burdin labeak egongo zirenaren pista bat eman zidan. Izan ere, Ola edo Olaeta izenak dituzten toki inguruan labeez josita daude».
J. Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia, G. Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia eta J. Palenzuela Mutrikuko alkatea
Ezaugarriei dagokionez, lehenik eta behin, haizeolak atentzioa ematen du bere tamainarengatik. Indusketak labe mota berri bat utzi du agerian, eta egitura primitibo haien konplexutasuna erakusten du; Industria Iraultzako labe garai ezagunen antzekoak.
Gainera, zepa ferromagnetikoak aurkitu dira labearen eta arragoaren hormetan, egitura hura burdina urritzeko erabili zela frogatuz. Horrez gain, zepak kareaz estalita zeuden eta ikaztutako egun arrastoak ere aurkitu dira. Ikertzaile taldearen lan hipotesia da labe hauetako asko karegile gisa erabili zirela ondoren, “horregatik pasa dira oharkabean gaurdaino”.
Olatzekoa, esaterako, mendi etxola baten azpian zegoen. “Olatzen bertan hainbat labe daude, batzuk aurkitzeko zail daude, eta beste batzuk, ortuak egiteko estali egin dituzte. Ziuraski milaka egongo dira Euskal Herri guztian. Asko ordea, nahikoa errez aurki daitezke, gehienak, hau bezala, aldapetan egoten ziren, ibai edo erreketatik hurbil”.
Zelaitzueta haizeolaren aurkezpena
Geoparkeari dagokionez, indusketa “mugarri bat” izan da. “Baliabide geologiko bat, burdin minerala, lurralde honetako historiarekin eta kulturalarekin lotzea ahalbidetu duelako”. Joseba Palenzuela herriko alkatearentzat ere, aurkikuntza garrantzisua da.
Modu horretarako, Geoparkeko ondare kultural eta arkeologikoa berreskuratu, babestu eta dibulgatzeko helburuarekin, haizeola egokitu egingo da bisitariak hartzeko. “Haizeola Kostaldeko Done Jakue bidean kokatua dago, eta urtero 10.000 erromes inguru igarotzen direla bertatik”.
Horrez gain, nabarmentzekoa da labe paralelo bat agertu dela eta datozen kanpainetan induskatzeko asmoa dagoela, orain artean jasotako informazioa osatzeko helburuarekin.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.