19. Korrika atzo [martxoak 23] gauean sartu zen Lea-Artibai eta Mutrikura. Beti bezala, giro ezin hobean igaro da Korrika eskualdeko herri eta auzoetatik barrena. Euri asko egin badu ere, euskararen aldeko lasterketak aurrera jarraitu du, tipi-tapa tipi-tapa; korrikalariek euriari eta hotzari irribarrea ahoan dutela aurre egin diote. Gau giro freskoa euskaren aldeko aldarriak berotu du.
Furgoneta koloretsua aurretik zutela, atzetik jende andana batu da. Ordu txikietan ere lekukoaren atzetik joan direnak asko eta asko izan dira. Beste behin ere, kilometro bakoitza berezia egin dute lekukoa eraman duten guztiek. Denek ere, momentu hunkigarri eta ahaztezina bizi izan dute.
Giro ona, euskararen aldeko aldarriak eta jaia errepidera atera ditu 19. Korrikak; ordu puntuan sartu da Lea-Artibain eta Mutrikun
Lehen metroak egiten lehenak mutrikuarrak izan dira. Mutriko Futbol Taldeko neska-mutilek debarren eskutik jaso dute lekukoa 1.087 kilometroan. Korrikari ongietorria bertsotan eman dionik ere egon da Mutrikun. Hain zuzen ere, Bertso Eskolako bi kide furgonetara igo eta pare bat bertso bota dituzte atzetik zetozen guztien gozamenerako.
Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek, aldiz, zesta-puntako zesta eta guzti egin dute ibilbidea, eta herriko buruhandi zein erraldoiek ere eraman dute lekukoa portura ailegatzeko azken metroetan. Beti bezala, Txantxangorri aisialdi taldeko kideak mozorrotuta agertu dira euren elastiko gorri eta sudur gorriekin.
Edurne Brouard omendu dute Lekeition; inongo ezbeharrik gabe igaro da euskararen aldeko martxa; zapatuan Bilbon amaituko da
Gipuzkoako azken metroak eta Bizkaiko lehenak, ordea, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzako kideek egin dituzte. Argi gorri artean sartu dira kazetariak Ondarroara. Lekukoa eramaten egon direnen artean, aspaldiko urteotan espetxean egondako Isidro Garaldek eraman du. Manuel Eluk, ostera, ahozko bolanderak eta dena bota ditu lekukoa eskuan zuela.
Markina-Xemeinen aurten ere ez da falta suhiltzaileen ongietorri berezia. Lekoizen gora, ostera, Abarka antzerki taldeko kideek barre algararen bat edo beste eragin dituzte. Betiko legez, zerbait berezia prestatu dute Korrikara begira, eta aurten, artzaina, ardia eta txakurra antzezten joan dira, atzetik zetozenen gozamenerako.
Gizaburuagan bolandera artean jaso dituzte Aulesti aldetik zetozen korrikalariak.
Lekeition ere giro onean sartu da. Betiko lez, argiztatuta sartu da Korrika herrira. Lekeitioko Deabruek ere piroteknia bereziagaz ongietorria eman diote Korrikari.
Momenturik hunkigarriena baina, Lekeition bizi izan dute. Eskolape inguruan Edurne Brouard aurkitu eta hari omenaldi txiki bat egin diote. Brouard lotsatu, eta furgonetan omenaldia egin nahi ziotenengandik ihesi ere hasi da, baina azkenean malko artean eta erabat hunkituta jaso du lekeitiarren eta Korrikako antolatzaileen txalo zaparrada. Bertso bat ere eskaini diote.
Antolatzaileak ere erabat hunkitu dira. Eta bat baino gehiago malko artean sartu da furgoneta barrura.
Oro har, 19. Korrika betiko giro onean eta indartsu igaro da Lea-Artibai eta Mutrikutik. Eta bertokoek beste behin ere ondo erakutsi dute euskahaldunak direla.
– IRUDIAK: 19. Korrika MUTRIKUN– IRUDIAK: 19. Korrika ONDARROAN– IRUDIAK: 19. Korrika BERRIATUAN– IRUDIAK: 19. Korrika MARKINA-XEMEINEN
– IRUDIAK: 19. Korrika AULESTIN– IRUDIAK: 19. Korrika GIZABURUAGAN– IRUDIAK: 19. Korrika AMOROTON– IRUDIAK: 19. Korrika LEKEITION– IRUDIAK: 19. Korrika ISPASTERREN
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.