Letraukuako auzokonposta gunea.
Herritarren harrera ona eta interesa ikusita, herriko auzokonposta guneetan parte hartzeko itxaron zerrenda zabaldu du Lekeitioko Udalak, bai dauden auzokonposta guneetan parte hartzeko bai eta urte honetan zabaldu nahi duten auzokonposta gune berrirako ere.
Otsailaren erditik bi auzokonpost gune dituzte Lekeition: Letraukua eta San Andreskoa. 40 famili hasi ziren Letraukuako gunean parte hartzen, eta euren esperientziari jarraituz, beste 80 etxetako bizilagunak animatu dira bolondres proiektura. Guztita, momentuz, 120 etxe unitate dabiltza bere hondakinak ongarri bihurtzen.
Ordenantza
“Lekeitioko Udalak dituen lehentasunen artean hondakinen sorkuntzaren prebentzioa dago, baita haien kudeaketa moduetan hobekuntzak ezartzea ere”, azaldu du udalak. Hori dela eta, joan den asteko osoko bilkuran auzokonpost guneak arautzeko udal ordenantza onartu zuten Bildu eta EAJren bozkekin. “Guzti honek funtzionamendu egokia izan dezan, gune horien kudeaketa egokia arautu behar da eta, era berean, konpost eginez beren etxeetako biohondakinak kudeatzeko prest dauden herritarren eskubideak eta betebeharrak arautu behar dira”.
Hemendik aurrerako pausua, proiektua zabaltzea dela adierazi du udalak, eta modu boluntarioan parte hartu nahi duten lekeitiar orori bere etxeko hondakinak kudeatzeko aukera ematea.