Mutrikun laister ezarriko den hondakin sistema berria martxan jartzeko 344.748 euroko aurrekontua adostu dute
Mutrikuko Udalak eta
Debabarreneko Mankomunitateak.
Udalak aurreratu duenez, edukiontzien sistema berria martxan jartzeko hainbat azpiegitura beharko dira. Besteak beste, bilketa egiteko bi ibilgailu berri (Deba eta Mutrikuko bilketa egiteko erabiliko direnak), Mutrikuko transferentzia zentrorako baskula, herrigunerako edukiontziak, itxiera sistema magnetikoak, hondakin organikoak jasotzeko ontziak, poltsa konpostagarriak eta kontrolerako sistemak. Mankomunitateak adierazi duenez, gainera, sistemak eragindako gastuek zein inbertsioek herritarrarengan ez dute eragin ekonomikorik edukiko.
Hondakin organikoa jasotzeko ontzi bat Busturian. Argazkia: Urko Manzisidor
Udalak argitu duenez, aldaketa gutxi batzuk kenduta, gaur egungo guneetan bertan ipiniko dira edukiontziak. Guztira, 37 gune jarriko lirateke: 9 landa gunean eta beste 28 herri gunean.
Gune gehienetan bost frakzioak jasotzeko modua egongo da, baina zenbaitetan, espazio faltagatik, lau bakarrik jaso ahal izango dira. “Herritarrentzat berritasun bakarra organikoa bereiztea izango da. Herritarrek ontzi bana jasoko dute doan, baita organikoak jasotzeko poltsa konpostagarriak ere. Merkatariek eta ostalariek tratamendu berezia izango dute, eta tresna bereziak jasotzeko leku komunak jarriko dira”, azaldu du Josean Agirregomezkorta udal gobernazioburuak.
Birziklapen tasa bikoitza
Sistema ezarri aurretik herritarrei zuzendutako informazio kanpaina zabala egingo da Mankomunitatetik eta udaletik. “Sistemaren Ezarpen Planak beharrezkoak ditu zehaztasunak eta herritarrek guztiaren berri izatea. Horretarako behar diren beste herri zein auzo bilera egingo dira uda ondoren”.
Mankomunitateak emandako datuen arabera, birziklatzen ez diren 1.457 tona hondakin jasotzen dira urtero Mutrikun. “Sistema berriarekin, birziklagarriak ziren materialen birziklapen-tasa igotzen hasiko dira mutrikuarrak. Horrez gain, hondakin organikoak bereizten hasiko da. Helburua birziklapen-tasa %26,49tik %60era igotzea da”.