Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi bere laguntzaileak ondo baino hobeto hasi dute denboraldi berria. Zapatuan [apirilak 18], Artxandan (Bilbo) jokatu zen Euskal Ligako lehen proban nagusi izan ziren ondarrutarrak.
Helburuak beteta bueltatu dira Bilbotik kirol egokituan aritzen diren bi kideak. Izan ere, Euskal Ligako lehen proba izateaz gain, Espainiako txapelketarako puntuagarria ere bazen zapatuko lehiaketa. Horrenbestez, iazko Espainiako txapeldunak aurten ere parte hartzeko txartela lortua du.
Tiratzaile ondarrutarrak, 60 tiro bota ostean, 562 puntu lortu zituen euskarririk gabeko modalitatean. Solabarrietaren iritziz, denboraldi hasiera izan zela igarri-igarria izan zen. “Hainbeste denbora lehiatu barik egon eta gero, sasoian jartzea falta nuen oraindik. Ez nintzen oso fin ibili”.
Ager Solabarrieta eta Maite Badiola zapatuko proban. Argazkia: Kirol Egokituaren Euskal Federazioa
Hala ere, bere aurkaririk gogorrenaren aurretik sailkatzea lortu zuen. 4 puntuko aldeagaz, Miguel Rodriguez nafarraren aurretik sailkatu zen. “Oso lagunak gara eta harreman oso ona daukagu, baina txapelketetan gure arteko lehia oso handia da”.
Puntuazio aldetik ez dira “oso gustura” bueltatu ondarrutarrak. Bere markaren bataz bestekoaren 12-13 puntu azpitik ibili zen zapatuan Solabarrieta.
Maite Badiola bere laguntzailearen ustetan, gauzak hobeto egin zitezkeen. “Zortzi puntuko lau tiro egin zituen, eta bere mailan hori ezin daiteke onartu. Bederatzi puntuko tiro asko egin zituen, baina txapelketa aurrera joan ahala, zortzi puntuko horiek ekidin behar ditugu. Lehenengoa izan da, eta hurrengoetan hobeto ibiltzea espero dugu”.