Open del Norte de Montaña Sportech eta Open de Rallyes de Asfalto Sportech txapelketak aurkeztuko dituzte barikuan, maiatzak 15, Markina-Xemeingo Kareaga industrigunean, automobil munduari lotutako ekitaldi bereziagaz. Autoentzako kirol osagaien Sportech enpresak antolatua, ekitaldia, mundu guztiari zabalik egongo da.
Autoa Lea-Artibai Rallyan parte hartzen.
18:00etan hasiko da Sportech Open Day ekitaldia karting erakustaldi bategaz, eta nahi duten guztiek kartetan ibiltzeko aukera izango dute. Ondoren, 19:00etan, Txus Jaio, Ander Arana eta Iban Tarsicio pilotu ezagunek slalom erakustaldi bat egingo dute euren autoekin bertan Kareaga industrigunean, eta kopilotu joateko aukera ere egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.
Federazioak eta pilotuak
Ekitaldiak dirauen bitartean, rallyetako simulagailu profesional bat erabiltzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta 18:30etik 20:00etara bitartean txapelketa birtual bat jokatuko da. «Denborarik onena egiten duenak OMP Racing etxeko kamiseta eta bisera bat jasoko ditu», azaldu dute antolatzaileek.
20:00etan aurkeztuko dituzte Sportechen open biak eta Euskal Automobil Federazioko, Nafarroako eta Errioxako Automobilismo Federazioko eta Kantabriako federazioko ordezkariek hartuko dute parte bertan. Horretaz gainera, hamar pilotu ezagunek baino gehiagok euren parte hartzea baieztatu dutela zehaztu dute Sportech enpresakoek.
Aurkezpenen eta prentsaurrekoaren ondoren, ekitaldiari amaiera ematen joateko, mokadutxoa hartzeko aukera izango dute gonbidatuek, eta ondoren, Sakris Pub tabernan jarraituko du jaiak.